Samara Velte.
LARREPETIT

Heroi nazionalak

2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun

Ohartu gabe, errepublika berri bat hasi da dirdirka aste honetan mundu zabalean. Beste batzuok oraindik udako arropa negukoagatik aldatzekotan gauden bitartean, Barbadosek, ez bat eta ez bi, estatuburuz aldatzea erabaki du.

Kokatzeko: Antilletako uhartetxo bat da Barbados, Goierriren antzekoa tamainaz, baina eguraldi hobea duena. Iruñerrian baino jende gutxixeago bizi da bertan; gehienak, kolonoek XVII. mendean Afrikatik eramandako esklaboen ondorengoak. Hari zor dizkiogu, besteak beste, rona eta pomeloa, egun despistatuetan laranja delakoan bakarrik erosten duzun fruta hori.

Espainia izan zen Barbados okupatu zuen lehena; denbora gehien, ordea, ingelesak egon ziren bertan, harik eta Barbadosek 1966an independentzia aldarrikatu zuen arte. Baina kolonialismoaren atzamarrak luzeak eta sarritan oso lausoak direnez, irlak Commonwealth barruan jarraitu zuen, kriketa kirol nazionaltzat hartuta eta Ingalaterrako erregina estatuburu gisara. Esan gabe doa Londrestik 6.700 kilometrora dagoela Barbados eta munduko beste ia edozein toki hurbilago geratzen zaiola.

Aurtengo urrian, ordea, Barbadosko Parlamentuak Sandra Mason izendatu zuen presidente, eta aste honetan ordezkatu du hark formalki Isabel II.a estatuburu gisara, Barbados ofizialki errepublika bihurtuz. Eta ez hori bakarrik: Rihanna abeslaria izendatu dute heroi nazional.

Ez zait independentzia ospakizun hobeagorik bururatzen. Agian izango da Barbadosek armada oso txikia daukalako edota bere historia militar, armatu edo dena delakoa nagusiki galerez osatuta dagoelako, baina zoragarria iruditzen zait heroi nazionala emakumezko abeslari gazte bat izatea, eta ez zaldi baten gainean irudikatutako militar bat. Agian, gu ere has gintezke pentsatzen nor izendatuko genukeen euskal errepublikako heroi nazional; batasunerako ereserki gisara, edozein kasutan, Umbrella-k nahiko ondo emango liguke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.