Iñigo Aranbarri.

Hemen

2025eko martxoaren 2a
05:00
Entzun

Bi emakume aurrez aurre eta gizon bat pazientearen ondoan, gidari, laguntzaile, bitartekari joana, gaztetasunak ere fuit hirurei, eta hantxe, zer gerta ere. Ordu erdi lehenago ateratako elektroaren orria zabaldu du medikuak. Dena ondo dago, esan du, eria marren gainean. Ikusten? Apaldu orduko harrotzen diren mendikateak dirudite.

Eta diozu zerbait sentitzen duzula bihotzean? Pazienteak bihotz gainean du atzamarra. Hemen, esan du medikuaren hizkuntzan. Hor, zer sentitzen duzu? Halako min bat. Mina? harritu da medikua. Zenbatekoa? Bitartekari listoa sartu da orduan, berak konponduko du inkomunikazioa: molestia esan nahi du. Noiztik sentitzen duzu? Ez dakit, baina hemen. Ez dakizu noiztik?, gero eta urduriago bata. Eta noiz sentitzen duzu? Ez dakit, gero eta urduriago bestea, albokoari begira, lagundu mesedez. Goizean? Eserita zaudela? Ez dakit. Hemen. Ez dakizu noiztik? Petralduta eten du solasaldia sendagileak. Ez didazu laguntzen. Holterra jarriko dizugu 24 orduan edukitzeko eta ikusiko dugu.

Goibel itzuli da gizona, amorruak errea. Ulertzen du kardiologoaren etsia. Ulertzen du pazientearen ezina. Ez da hizkuntzena bakarrik izan talka; bi mundu dira, buruz buru. Eta etorri zaio ez al den bizitza bera horixe, logikaren eta sentimenduen arteko ez ulertu etengabea. Ez dira Pernando Amezketarra, Ulenspiegel, Pippi Langstrump kartesiartasun itsuaren kontrako erantzuna? Ez da gauza bera politika deritzogun hori? Batzuentzat, bihotzetik loraturiko hitzak; besteentzat, negozio neurgarria.

Maiatzean itzuli beharko du holterra jartzera. Maiatzean?, harritu da gizona. Gaitzerdi, bota dio pazienteak, behintzat badakit maiatz arte bizi izango naizela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.