Blanca Urgell

Heldulekutik hegan

2025eko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Atzo medikuak esan zidan tristura birikek sortzen dutela. Edgar Allan Poe «eta beste poeta erromantiko horiek» aipatu zizkidan: tisikoak izatetik omen euren literatura iluna. Nahiz malenkonia guztiak horrela osatu ez, bistan dena, belar-tanta batzuekin birikak garbitu eta nirea berehala joango omen da.

Ez zitzaidan argi gelditu haserrea zerk sortzen duen: hurrengoan galdetuko. Badira haserre erraza dutenak eta badira ezergatik ere sumintzen ez direnak. Muturrak mutur, esango nuke gehienok bien bitartean gaudela. Halere, batzuetan itoginak hainbeste zulatu du harria non hitz bat entzun orduko kandela pizten zaigun. Gizakia izatea zer den.

Haserrea sentipen eskasa dela hitzaren etimologiak berak esaten du: hats errea ‘arnasa errea’, herensugeak jaurtitzen duena. Non aurkituko gure hitzak baino etimologia egokiagorik?

Ingelesez hainbestean: anger norvegiera zaharreko angr ‘atsekabea’ hitzetik omen dator: atsekabetik sumindurara aise aldatzen gara, eta ez semantikan bakarrik, ezta? Gaztelaniaz enfadok patuarekin du zerikusia: in fatum izatea ‘biziaz asperturik, patuari amore ematea’ omen da, nondik ‘nekatu, aspertu, adorea galdu’ adieraztera igaro zatekeen, eta handik erraz haserrera. Alemanezko Wut ‘haserrea’, berriz, Wotan edo Odinekin dago etimologikoki loturik, jainkoaren izenak ‘haserrea’ esan nahi omen baitu, batetik, eta ‘eroa, amorratua’, bestetik.

Txinerak esapide politak ditu, akaso betikora jo gabe kalka genitzakeenak: adibidez, juntura lehertu zaio esan dezakegu, edo hitzerainoko haserrea dauka. Ingelesari berari ere erosiko nizkioke batzuk, hala nola sabaia sakatu, belarrietatik lurruna atera edo estalkia irauli. Horrela, haiekin ohitu bitartean, haserretik irrifarrera igaro gaitezke, heldulekutik hegan egin baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.