Amak esaten du ez duela bere burua ispiluan ezagutzen. «Gaixoa!» esaten omen dio bere irudiari. Aspaldiko zimurrak etengabe doaz ugarituz eta sakonduz baita gure ispiluan ere. Hizkuntza, aldiz, esan liteke zaharrago eta berrituago dagoela, lehenago edo geroago zimurrak ostenduko dituela azido hialuroniko linguistikoak.
Osoki ostendu baino lehen,ordea, haien arrastoak ikusi ohi dira. Non, eta hizkuntzaren mainstream-ean egon ohi ezdiren babeslekuetan.
Babesleku ezaguna da literatura. Ingelesez thou 'hi' forma zaharra 1600 inguruan eguneroko hizkuntzan gaizki ikusia bazen ere, literaturan (Viktoriar aroko poesian: Keats...), erlijioan (kuakeroek) eta dialekto batzuetan luzaro gorde omen zen.
Dialektoak ere babesleku. Javera zaharreko erakusle sistema hirukoitza osatzen zuten iki 'hau', iku 'hori', ika 'hura' bizirik omen daude Cirebon hiriko hizkeran; Jakartakoan iki 'hau' ez besteak berriztatu dira.
Erakusleak eurak dira gordeleku. Euskaran honez, honezaz eta honetaz hirukoteak horixe adierazten du. Euskal Klasikoen Corpus-ean honezaz eta horrezaz ezohikoak dira 1545etik beretik, baina har(t)zaz-ek 336 agerraldi ditu, orduan hasi eta Arxu zuberotarrarenean buka (c. 1860).
Denboraren azidoak (ia) osoki ezabatu ditu forma erlikia horiek. Euskal Prosa Dinamikoa-n (2017-2021) honetaz erakoak jaun eta jabe dira —berrienak, beraz—, nahiz honez erako zaharrek non edo han txokoak izan. Honez gero eta batez ere honez gain(era) esapideetan gorde da hurbila. Kontaezinak dira horrez gain(era)-ren lokailu gisako adibideak; horrez harago bat agertu zait, ederra bere bakardadean. Nekez aurkituko dugu harez gain-en bat. Pluralean, aldiz, ez da batere ezohikoa gai horiez mintzatu edo aukera horiez hizketan irakurtzea, eta are inauteri haiez oroitu bat ere kausitu dut.
Azken babesleku bat ikasi dugu ezustean: plurala. Gurea ere baden bezala.
LARREPETIT
Hau, hori, hura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu