Telefono zenbakiari esker neurtzen zuen maitemina. Maite duzunaren telefonoa ez dela inoiz ahazten esaten zuen. Erraz hartzen dela gogoan apuntatu beharrik gabe. Burmuinean baino beste organoren batean txertatzen delako, edo beste organoren baten bitartez. Maite duzunaren telefono zenbakia ez dela ahazten maitatzeari uzten ez diozun bitartean. Hala esaten zuen. Buruak ezetz esan arren, «ez dut maite», zenbakia pentsatu gabe markatzeko gai zen bitartean bihotzaren agindupean zegoen seinale. Frogatua zeukala.
Obabakoak adina urte eta kilometro batzuk gehiago pasatu dira. Sei zenbakikoak ziren orduan telefonoak. Baina nik ez dut ahaztu. Zer esaten zuen, alegia. Eta ustez gehien maite ditudanen telefono zenbakirik ez dakidala konturatzen naizen bakoitzean gogoratzen dut haren esana. Eta pentsatu ere bai tarteka, gaur egun ez ote dudan inor maite, edo erabat zahartu ote naizen. Zahartu, maitatzeko ez, espero. Maitemintzeko adinik ez dagoela eta antzeko lelokeriak esaten bakarrik ez, baizik eta sinisten hasita nago aspaldian. Nire kezka izaten da batzuetan, bederatzi zifra gehiegi ote zaizkion nire burmuinari segidan gogoan hartzeko. Bihotzak sei zenbakitan jarria ote daukan muga. Baina neuronarik freskoenak dituztenek ere ez dutela zenbakirik buruan ikusita, bigarren kezka baztertzeko ahalegina egiten dut.
Ez da kontsolagarri, hala ere. Neuronak oraindik fresko dituztenek ez dute inoiz ahaleginik egin zenbaki bat buruz ikasteko. Beharrik ere ez. Dena dute eskutan eta eskura, burua erabili beharrik gabe. Eskuak dituzte organo nagusi. Hatzak, zehatzago. Azkarrak dira hatzez, buruz baino azkarrago. Azkarregi, seguru asko.
Hanka sartze askotarako bidea izan liteke hatzak buruaren aurretik eramatea. Baina hankak baino zerbait inportanteagoa jarriko dute jokoan hatzei bihotzaren aurretik joaten utziz gero.
Larrepetit
Hatzak ez du bihotzik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu