Astarloaren ustez giza-hots diren hots bakarrak ahoan ahoskatzen dira. Eztarrian ere hotsak egiten ditugula ezin ukatu, baina honetan ez gara lehoiaren orrotik bereizten, ez zezenaren marrumatik, ez zaldiaren irrintzitik ere. Honela ingelesek-eta egiten dituzten zenbait hots giza-hizkuntzatik at utzi zituen gure Astarloak berariaz, artean hasperen guztiak.
Halere, bere garaian euskaldun asko ingelesak bezain errudunak ziren. Areago, berak berreraiki nahi zuen antzinako euskara hark bazuen hasperenik; bat baino gehiago hitz bakoitzean, Arabako Harhaia herriaren izena lekuko. Egiantzekoa da oso XII. mendeko durangarrek hasperenaz hitz egitea, bada.
Hitz berean bi hasperen egonez gero, lehenengoa galduko dela dio Grassmann-en legeak (GL). Hermann Grassmannek (1809-1877) sortu zuen, matematika utzi eta hizkuntzalaritza historikoari ekitea erabaki eta gero. Hara gizona! Greziera zahar eta sanskritorako formulatu zuen, baina berdin balio du bestetan, hala nola ofo (Ohio, EEBB), manipurera (Manipur, India), hadza (Tanzania) eta makhuwan (Mozambique), bai eta euskaran ere: Etxepareren ilherria (< hil + herria) azaltzeko, kasu, gero hilerri bihurtu bada ere analogiaren eraginez.
GLren bertsio zaharrago bat proposatu du Lakarrak, hasperena lehenik sortu eta gero galarazi duena: *hur-alde > *huh-alde > uhalde eta, bakanagoa bada ere, *hor 'txakurra' hitz zaharretik *hor-ara > ohara (susara-ren kidea); hor erro beretik otso ere azal daitekeenez (*hor-tz-so), Astarloak pozik esan lezake euskararen onetan hora galdu eta otsoa nagusitu dela.
Egiari zor, Miren Larrionez hitz egin nahi nuke, irakurle, bat-batean Arabako politikatik erauzia den emakumeaz. Baina ezin hitz egin, ez baitakit ezer, ezer ez dakidala baizik. Estimuan dudala baizik. Hasperena baino ezin egin nezake. Edo hasperenaz hitz egin. Edota otsoaz.
LARREPETIT
Hasperenez hasperen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu