Europako estatuburuek bakantza aitzineko azken garden-party-a eginen dute egun.
Finantza munduan gertatzen ari diren gorabeherak segitzeko, gutxienez finantza arloko doktore izan behar. Eta hala izanik ere, doktoreak ere ezinean ageri dira, krisiaren gaitzari nola aitzin ez dakitela. Defizita murrizteko neurriak hemen, zorra apaltzeko erreforma bortitzak han, sukarrari egun batzutan eutsi eta berriz ere gaitza, merkatuaren gose aseezina, gailentzen da.
Merkatuaren beharrez, beldurrez eta premiez ari dira, «merkatu» edo munstro horren atzean direnak ezezagunak eta hunkiezinak balira bezala. Bankuen erresistentzia neurtzeko omen diren estres testak, finantza sistemarendako opari ederrak izan dira: lehenago ez bazekiten, orain argi dute espekulatzaileek noraino irits daitezkeen egungo gizarteari ahal bezainbat zuku ateratzeko. Langabezia %25era arte igo daiteke, burtsak %20 gal dezake, eta, hala ere, beren etekinak sakelaratzen segituko dute sistema dagoenean atxikiz.
Mende hastapen honetako iruzur handienaren aitzinean gara. Krisi honen jatorrian, finantza sistemaren hegemonia eta sistema politikoaren menpekotasuna besterik ez dago, eta joko arau horiek aldatuko ez direno, gaitza zabalduz joanen da, eta sukarrak bere gorabeheretan segituko. Nor ote diren Greziaren zerbitzu eta ondasunen pribatizazioaren ondorioz Greziaren jabe bilakatuko direnak? Justuki, gaur egun Greziaren zorraren hartzekodunak direnak. Nor diren Moody's, Fitch eta Standard & Poor's agentzien akziodunak? Justuki, herrien zorra prezio merkean erosi eta garestiago salduko dutenak, banku eta pentsio funtsak, besteak beste.
Merkatuak bere burua erregulatzen duela zioen XX. mendeko gezurra irentsirik, estatuburuek beste errezeta magiko bat aurkeztuko dute egun. Baina egiazko erabakirik ez dute hartuko : finantza sistema honetatik etekin gehien ateratzen duten enpresa multinazionalak nazionalizatzea.
Larrepetit
Hartuko ez duten neurria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu