Hedoi Etxarte

Harri-koskor bat Israeli

2024ko irailaren 28a
05:00
Entzun

Asteazkenean 21 urte bete ziren Edward W. Said literatura eta musika teorialariaren heriotzatik. Duela urte batzuetatik, ohikoa da egun horretan Palestinaren askapenaren alde dauden erakunde politikoen sare telematikoetan argazki jakin bat zabaltzea. Argazkian, Mendebalde osoan hain errespetatua zen intelektual gorbatadun elegantea harri-koskor bat botatzen azaltzen da, larruzko zapata garbi batzuekin, jakaren mahukak jasota eta bisera urdin ilun batekin.

2003ko Freud and the Non-European liburuan, gertakizun horietatik hiru urtera, hala azaldu zuen Saidek berak argazkia: «Uztailaren 3an eremu hartara joan ginen bixitan, Khiam-go kartzela tristeki ospetsura, israeldarrek 1987an eraiki zutenera, hantxe torturatu zituzten eta atxiki baldintza nardagarri eta krudeletan zortzi mila pertsona. Jarraian, mugako postura joan ginen, Israelgo armadak ihes egin zuen eta ordurako eremu mortu bat zen, salbuespena ziren bixitari libaniarrak, mugaren beste aldera harriak botatzera etortzen ziren erretirada ospatzeko, gaur egun oraindik oso babestutako muga bat da. Begien bistan ez zen militarrik, ezta israeldar zibilik ere.

Hamar minutuko geldialdi hartan atera zidaten argazkia, baimenik gabe, harri-koskor bat bota nuen hango gaztetxoekin lehian; harri bakarrak ez zuen helburu zehatzik, gainera. Ikus genezakeen eremu osoa zen basamortua. Handik bi egunera, nire argazkia Israelgo egunkarietan eta Mendebaldean azaldu zen. Terrorista bat nintzela esaten zuten, pertsona biolento bat, e.a.; ohiko difamazio leloa da eta faltsukeria propaganda sionistaren ira jasan duen edonorentzat».

Atzo greba eta mobilizazioa izan genuen Hegoaldean Palestinakoa salatzeko. Errealitatea da urtebetean ez garela greba orokor bat egiteko gai izan, Iruñeko pankarta batean irakurri nuen: «Umeak hiltzen ari dira eta zu guri begira». Eta hala sentitu nintzen neu ere: ez dudala ezer egin. Ez dakit zer gertatu behar den Palestinan geuk ere larruzko zapatak jantzi eta harriak jaurtitzeko Euskal Herritik Israel posible egiten duten enpresa eta erakundeen aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.