Blanca Urgell

Harri gorriak eta horiak

2024ko uztailaren 24a
05:00
Entzun

Azkenik lortu dugu Yellowstone seriea ikustea etxean. Ikuskizun izugarria da hitzaren adiera onean zein txarrean, baina Kevin Costnerrek —Dances with Wolves-etik itxaron zitekeenez— Nevadako indiarrez ematen digun ikuspegiagatik behintzat merezi duela esango nuke.

Nevadan hamabi nazio tribal omen daude: Assiniboin, Oinbeltz, Ojibwe, Cree, Crow, Gros Ventre, Kutenai, Chippewa Maskor Txikia, Iparraldeko txeiene, Pend d'Oreille, Salix eta Siux. Bistan da izen horietako asko exonimoak direla, gehienak europarrek emandakoak. Adibidez, Gros Ventre ‘sabel handia’ izena gurutze gisa daramatenek A’anini zeritzoten beren buruari, ‘buztin zuriko pertsonak’.

Nahiz siux eta salix hizkuntza-familietakoak ere izan, gehienek algonkin mintzoak dituzte/zituzten (zuhaitz genealogikoa hildakoz beteta dago): adibidez, ojibwe, txeienera, siksika (oinbeltzena), atsina (A’aniniena) edo Cree hizkuntza. Algonkin hizkuntzek baliteke noizbait Ipar Amerikaren erdialde eta ekialdea osorik estaltzea. Horren lekuko, leku-izen mordoa, itxura ez-indoeuropar nabarmena eta algonkin etimologia gutxi-asko ziurra dituztenak: Massachusetts ‘muino handitik gertu’, Connecticut ‘marea luzeko ibaiaren lekua’, Illinois ‘modu arruntean hitz egiten du’, Milwaukee ‘lur ona’, Chicago (shikaakwa, basa-tipula mota baten izena), Ottawa (Oddawa herri izenarekin lotua), etab. Adibidez, Wisconsin baliteke gure Arrigorriaga-ren pare-parekoa izatea.

Familia berekoa da mikmakera, euskaldun orok ezagutu beharrekoa, zeren eta pidgin bat sortu baitzuten mikmak herriak eta baleazale euskaldunek XVI-XVII. mendeetan. Kostatik urruntxo dago Wisconsin, baina, ez ote da inoiz Arrigorriagako baleazalerik izan?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.