Irakeko gerraren aurka egindako protesten ondotik, 2003an, egun hauetakoak dira New Yorken ikusi diren antzeko mugimendurik jendetsuenak. Milaka pertsona dira Broadway etorbidean barrena «aski da» oihukatu dutenak, eta Wall Street-en botere ekonomikoarekin haserre, suminduta (modako hitza) daudela adierazi dutenak.
Ehunka gaztek eragindako txinparta su bilakatu da milaka herritarrentzat. Telebista aurreko besaulkitik altxarazi dituzte, eta kasik egunero parte hartzen dute Zuccotti enparantzan, askatasunaren plaza gisa ezaguna orain, edo kalean antolatzen diren protestetan. Gizarte eragileek, sindikatuek, elkarteek eta herritarrek ozen egiten dute oihu aldaketa eskatuz, ardurak eta eskubideak exijituz.
Kutsakorra gertatzen ari da mugimendua. Boston, Los Angeles, Saint Louis, Chicago, Kansas eta halako tokietaraino ere iritsi omen da. Eta, noski, agintariek neurriak hartu dituzte harresiak, hormak eraikiz.
Harresi fisikoa aspaldi bota zutenez, poliziek egindakoak jartzen dituzte han eta hemen. Wall street izenak, harresiaren kaleak, aspaldi honetako zentzurik handiena du irailaren 17a ez geroztik.
Oztopatzea, isolatzea du helburu. Eta horretarako badute hemen ere ondo ikasitako dantza bat: borrarena.
Ubelduak eta zauriak eragingo dituzte, egun bakarrean 700 atxilotuz beteko dira komisariak, eta protestan ari direnak ez dira pastuako beraiek jarritako mugatik harago. Baina bada kolpez zaurituko ez duten eta helikoptero soinuz isilaraziko ez duten zerbait:herritarren oihua.
Ez dago hori geraraziko duen hormarik. Ez Wall Street-en, eta ezta Kukutzan ere. Hor eta hemen, borrek baino min handiagoa eragiten dute gizartearen mugimendu hauek. Aginte makiladunen eta botere ekonomikodunen harresiak eraikitzeko joerari erreparatu besterik ez dago. Harresiek eta hormek erasotik babesteko ere balio baitute.
Larrepetit
Harresiak eta hormak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu