Estatu Batuetan bizitzen egon den lagun batek kontatu zidan aurrekoan, tinderri buruz hitz egiten ari ginela, zein zen han izan zituen zenbait lagunen jarrerak. Antza denez, bizitza salbatu zien aplikazioak. Ordura arte nekagarria eta zaila begitantzen zitzaiena ez zutelako berriro zertan eginik. Tabernetan ezezagunengana hurbildu, galdera errenkadak bota, eta erantzunetatik, janzkeratik eta mugimenduetatik aurrekoa zelakoa den deskubritu. Pertsonaren ezaugarrien zerrenda osatzeko horrenbeste komeria. Tinder agertu arte ezinbestean hartu beharreko beharlekua, zerrenda gabe ezin zutelako jakin norberaren beharrizanetara egokitu zitekeen pertsona ote zuten aurrean. Zukua ateratzeko moduko laranja erdia zen ala ez.
Orain, mugikorreko tresna berriarekin, egoera izugarri erraztu omen zaie. Ez dira tabernetara aurretiaz zitarik adostu gabe gerturatzen. Atzamar kolpean ehunka zerrenda irakur daitezke, eta zehatz-mehatz bilatzen dena aurkitu, gaizki ulertuak saihestuta. Beraz, zertarako denbora galdu jendea ezagutzen? Harremana landatzen eta ureztatzen, itxaron gabe fruitua eskuratu daitekeenean?
Prozesuak, garapenak eta hasierak gustuko ez dituen garai batean bizi gara. Nahiago ditu emaitzak, ekoizkinak, produktuak. Estatu Batuak sistema kapitalistaren karikaturarik fidelena dira. Agian, horregatik harritu nau gutxiago handik jasotzea ekoizpen sistema etekinzalea harreman afektiboetara hedatu izanaren berri. Edo izan daiteke hemen ere zantzuak igarri ditudalako suertatu zaidala bareago ezustea.
Esate baterako, egun, harreman monogamoak ez daude modan, eta lehen begiradan, oraindik errotuta dagoen bikote eredu erromantikoarekin apurtzeko bidean gaudela ondoriozta daiteke. Ordea, ugaldu dira sexuan soilik oinarritzen diren hartu-emanak eta berez onuragarriak izan daitezkeen arren; hein batean, bidea irentsi eta helmugara teletransportatzeko behar izan horren ondoriozko beste moda bat ote? Has dadila eztabaida!
LARREPETIT
Harreman produktiboak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu