Ander Perez Argote

Haritik zintzilik

2024ko maiatzaren 17a
05:00
Entzun

Igaro dira Kataluniako hauteskundeak, eta, zenbaketa bukatu orduko, tematu dira batzuk ez bakarrik procés-aren amaiera ziurtatzen, baita kasik independentismo osoarena ere. Erretolika entzunda geunden, satisfazio tonua da aldatu dena: azkenean bukatu dela kataluniar gizartearentzako hamar urteko denbora galtze hau, eta badela garaia benetako gaiei heltzeko.

Bidearen amaiera seinalatu diote batzuek independentismoari, baina ez beste bide bat hartu dezan gomendatzeko, baizik eta bideari berari, edo helmugari, uko egin diezaion iradokitzeko. Proiektu politikoa abandonatu dezala alegia, independentzia ameskeria hutsa delako.

Eta hori da kontua hemen, hauteskundeetan galdu ala irabazi, proiektuan beti irabazten duela statu quo-a defendatzen duenak, eta aldiz, bitan irabazi behar duela estatus hori hankaz gora jarri nahi duenak —izan ardatz sozialean zein nazionalean—, bozetan irabazi arren ez duelako inoiz erabat irabaziko, bere proiektua gauzatu ezin duen bitartean. Eta ongi arduratuko dira proiektu horri sistematikoki jazarri eta hura erreprimitzeaz.

Emaitzak batzuk izan dira igandean, eta beste batzuk izango dira hurrengo batean. Eta ondorioz, tarteka, ulergarri dira politika asperduraz bizi dutenak: «Zer inporta du denak», diote, «gaur goian eta bihar behean egongo bazara, eta alderantziz?». Baina jakina da moderazioan eta jarreretan epel dabilenak beti duela aukera gehiago egonkor mantentzeko, eta egoerak errotik aldatzeko apustua egiten duenak, aldiz, haritik zintzilik jartzen duela bere burua. Batzuetan oreka galdu eta erortzera eramango du horrek, baina, inoiz irabaztekotan, hortik pasatuta irabaziko du ezinbestean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.