Larrepetit

Handitzen, handitzen...

Josebe Iturrioz.
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ez naiz inoiz izan haurtzaroa goraipatzen duten horietako bat. Askoren ustez, umeak garen bitartean ez gara jabetzen munduan gertatzen diren miseria guztiez. Nik txikitatik ikusten nituen injustiziak, bata bestearen atzetik. Hori zela eta, gauetan beldur handia pasatzen nuen; betidanik egin dut lo oso gaizki. Baina denborarekin konturatu naiz gordetzen nituela umetatik hainbat aburu, eta orain ari naizela horietako siniskeria batzuekin apurtzen. Horietako bat horrela enuntziatuko nuke: lagunen arteko enpatia eta elkarri ulertzeko ahalmena. Beti uste izan dut lagunen edo maite dituzun pertsonen artean zaudenean aukera gehiago dituzula elkarren arteko hartu-eman on eta errazak izateko. Azkenaldian, nire usteak ustel bilakatzen ari dira.

Ez dakit lan kontuak diren, edo nik feminismoarekin eta emakumeen gaiekin dudan gertutasuna, baina ezinezkoa da kontatzea zenbat pertsonak dezepzionatu nauten azken urte hauetan. Elkarte herrikoiak—elkarte gastronomikoak— direla edo alardeak direla, edo edozein gauza dela, gaia atera orduko, beti dago norbait hanka barruraino sartzeko edota graziarik gabeko lau txiste kontatzeko prest. Berdin zaie nire aurpegian marrazten den haserrea; agerikoa da ez zaidala batere gustatzen entzuten ditudan astakeria guztiak. Askotan, okerrena esandakoa hobetu nahi dutenean hasten da. Hortxe datoz justifikazio burutsuak, adibide moduan perla batzuk: «Emakumeak ez zarete gai ezer antolatzeko; zertan etorri behar duzue gure tokietara?», «taldean hasi orduko, emakumeak mokoka hasten dira eta ez dira gai ezer egiteko», «ez al dago emakumea betiko paperetan hobeto? Bai, kantineraz ateratzen, poz-pozik». Zein mingarria den norbait maite duzunean bere ahoan horrelakoak entzutea. Gertatzen denean, beti pentsatzen dut: ez nau maite, ez ni, ez bere ama, ez bere arreba, ez bere ondoan dagoen edozein emakume. Ez gaituzte maite. Nik ez nuke inoiz maite dudan jendeaz horrela hitz egingo; ez dut uste hanka tartekoak hainbeste markatu behar lukeenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.