Hedoi Etxarte

Halere zutik

2023ko abenduaren 30a
05:00
Entzun

Ez dut gogoan noiztik ez nintzen kuadrillakoekin kontzertu batera joaten. Are gehiago, biharamunean lankide bati esan nionean kuadrillakoekin egon nintzela harridura aurpegi nabarmena jarri zuen: ez zuen espero neu ere instituzio horietako baten parte izatea. 

Azkenekoz Iruñeko autobus geltoki berriaren aldameneko areto bitxi batean ikusi nuen Lisabo, esango nuke 2018ko udaberria zela baina batek daki. Horregatik, kuadrillakoaren neska-laguna liburuak erosten ari zela, ez nuen zalantzarik izan: asteazkeneko kontzertura etorri behar zuten, bai ala bai, esperientzia erlijioso bat izango zen. Eta etorri ziren: neska-laguna, laguna, bere anaia. Baina kontzertua hasi berritan konturatu nintzen ezetz, hori ez zela izango esperientzia partekatu bat. Eta intuizio horretatik ikusi nuen kontzertua: zergatik nago ni errepertorio horren barruan eta zergatik haiek kanpoan. Ala zehatzago esanda: zergatik gustatzen zait Lisabo. Borobil eraikitako zera mikatz hori. Zerk harrapatzen ote nau —eta ni bezala dozenaka entzule— zarata horretara. Zer da, gauza fisiko bat, hitzekin du zerikusia.

Eta ez nintzen erantzuteko gai izan. Ez kontzertua gertatu zen bitartean, ezta geroko kebabean ere. Kontzertuan zehar irudiak etortzen zitzaizkidan. Gaztea nintzeneko eszenak ziren: neure burua Ezlekuak CDa entzuten Berlingo garraio publikoan 2007an ala Gasteizen; Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak kartoizko CDaren kaxa ertzetan urratua; Tunk aretora orain zaharra den Laguna berri hartan Aitor, Ondarru eta Ariadnerekin; Durangoko aldirietako biribilgune batean auto-stop egin nahian kontzertu baten itzuleran eta gero Durangon bakarrik goizean Bilbora zihoan lehenengo autobusaren zain; gazte izateari utzi niolako kontzientzia hartzea Animalia lotsatuen putzua entzuten Armentiara bidean.

Agian hori da niretzat eszenatokian simetrikoki antolatutako zarata hori, norberarekiko fideltasun ariketa bat, nor zaren azaltzen duena nahiz eta zeure buruari ere ezin diozun argi esplikatu, kolpeen bidez zutik mantentzen zaituena lagunak hil eta galtzen diren bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.