Blanca Urgell

Haize kontra

2024ko azaroaren 6a
05:00
Entzun

Bitartean Valentzian pertsona asko hil da, eta beste asko-asko-asko deus gabe gelditu da, dena lokatzak narrastu edo urak eramanda.

Burua bestetan hausteko gogorik? Eukene Franco ikertzailearen Zenbat dira asko? izen politeko lana irakurri eta eguneko BERRIAn 23 asko aurkitu ditut Francoren galderari erantzuteko modukoak, hau da, singular zein plural komunztadura onar lezaketenak, goragoko pertsona asko hil da / hil dira erakoak, alegia.

Urtzi Etxeberria eta Ricardo Etxepareren (2009) arabera, hiru sistema daude: mendebalde-erdialdekoan biak dira zilegi (lan hori egiteko neska asko etorri da/dira, neska askok egin du/dute; neska asko ekarri dute/dituzte). Trantsiziokoan eta Zuberoakoan, ordea, subjektu ergatiboarekin plurala behar da (neska askok egin dute). Zuberoan, gainera, neska asko ekarri dute txartzat joko lukete.

Francok sistema horri ñabardura asko aurkitu dizkio Iparraldean, adinaren, eskolatze motaren (frantsesez/murgiltze ereduan), funtzioaren (Nork, Nor subjektua, Nor objektua) eta zenbatzailearen arabera. Mundu hori biziki aberatsa da.

BERRIAko datuen arabera, ordea, aukerakotasun hori galzorian da euskara batuko idazkietan. Izan ere, 23 adibidetan 4 bakarrik dira plural gabekoak, eta hirutan zioa izena zenbakaitza izatea da (material asko erosi duela, 10; denbora asko eskatzen du, 22; Olio asko bideratzen da, 31). Adibide bakarra dugu, bada (erosoago zaio askori, 16).

Txillardegik uste zuen halakoetan (baita liburu bi erosi ditut gisakoetan ere) kalkoa dela pluraleko estrategia. Gau beltza berpizteko gauza izan bagara, zenbatzaile zehaztugabeak pluraleko komunztadurarik gabe erabiltzen dituenari (edo geure buruari) zuzentzeko grinari ezetz esateko ere ez ote gara izango?

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.