Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Habitatak

2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Rebecca Solnit, galtzeari buruzko saiakera batean: «Zerbait esanguratsua gertatu den lekuetan, zerbait horri loturiko sentimenduaren parte bat geratzen da; beraz, lekuaren oroitzapena berreskuratzea sentimendua berreskuratzea da, eta batzuetan sentimendua azaleratzen da norbera leku horretara itzultzen delarik». Esana eta berresana da, orobat, ez garela soilik espazio batera itzultzen, han izan ginen horretara baizik, genuen adineko garaira, janzten gintuen larru gazteagora, jokamolde batzuetara; habitatzen zintuzten nahi, ezin eta harreman orok mamuen gisan okupatzen dutela nonahiko leku hori. Norberarentzat okupatu, nahiz zenbaitetan konpartituak izan.

Berripaper honetan irakurri dudanean Euskaldunon Egunkaria-ren 30. urteurrenaren harira eginiko artikulu sorta, goiko aipua etorri zait akordura. Kazetaren lehen erredakzioa izan zenak eta orain Antza inprimategia denak zenbat mamu ez ote dituen biltzen. Berezko eremua da euskarazko egunkari baten existentzia betidanik ezagutu dugunontzat, normaltzat jotzen dugun habitata; nola garia den horitzen. Baten batek eginen zuen normal, hark historia egiten ari zirelako sinesmen izugarria bizi zuen bitartean. Habitat hori suntsitzeak gu animalia eta landareon desagerpena ekar lezake, eta horregatik akabatu nahia, eta horregatik sumindura eraldatzailea.

Solnitek bi zentzu lotzen dizkio ekintzari: zerbait edo norbait galtzen dugunean, ezagunaren desagertzea gertatzen da, eta, aldiz, norbera galtzeak ezezagunaren agertzea dakar. Galdua egoteak bestelako adiera bat hartuko luke horrela, positiboa; bulkadaz batzuetan, ongi antolatua besteetan, ezagun dugun horri jasanezin edo muga iritzita.

Euskaldunon Egunkaria bezala, kultura eta herria ardatz duten hainbat proiektu kolektibo sortu dira batzuek beren burua galtzen utzi zutelako; horrela, nahi gabe ere, beste batzuei irakatsi digute galtzea (eta irabaztea) zer den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.