Larrepetit

Habitat artifiziala

Garazi Goia.
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Etxe bat erosi berri duen lagun batekin bazkaldu dut gaur, eta gogoeta estresagarria egin dit. Bizitza osorako loturaz aritu da, oporren amaieraz, erabaki egokia hartu ote duen zalantzez, erabaki horri ematen diogun garrantziaz, Ikeara egindako bidaiez, bizilagunen istiluez, hipoteka ordaintzeko ozta-ozta iristen zaion soldataz, bizitza aldaketaz. Ikearen slogan famatua etorri zait gogora, «etxea da munduko lekurik garrantzitsuena». Garrantzitsuena.

Londresen pertsonaia ezagunak bizi izandako etxeek fatxadan plaka urdin bat erakusten dute, bertan nor eta noiz bizi izan zen azalduz. Horrela bisitatu ditut hainbat etxe, batzuk nahigabe, paseoan nabilela kasualitateztopatuak; besteak, kuriositatez bila joanda aurkitu ditudanak.George Orwellen etxea Notting Hillen, Sylvia Plathena Fitzroy Roaden, Charlie Chaplinena Kenningtonen, Charles Dickensena Bloomsburyn. Eta, kanpotik begira nagoela, Orwell imajinatu dut,bere logelan 1984 idazten, eta Winston Smith auzo berean ezkutuka irudikatu dut. Plathen azken gauaz gogoratu naiz, eta kalera ematen duen leihoa bere seme-alaben logela izan zitekeela pentsatu dut,gasarekin bere buruaz beste egin aurretik egon zen azken lekua; Charlie Chaplinen etxea, Londresko hegoaldeko auzo batean, animalien hiltegi baten ondoan dago, eta Oliver Twisten bizitzaren isla izan daitekeen haurtzaroa imajinatzen diot.Dickensen etxea, berriz, museobihurtu dute.

Ez dakit horiek guztiek nirelagunak dituen arazoak izango zituzten. Baina nire irudimenean behintzat ez dago nire lagunaren diskurtsoak iradokitzen duen tankerako itomenik. Nola imajinatuko ote dute, adibidez hemendik hirurehun urtera, nire lagunaren (eta beste askoren) etxea. Independentziaren definizio distortsionatu eta arraro hori, habitat artifizial hori gogoeta erromantikoago batean sartzerik izango ote dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.