Blanca Urgell

Guztilariak

2024ko urriaren 23a
05:00
Entzun

Irratian beti dago jakingarri den zerbait. Lehengoan Ruben delako bati entzun nion txotxongilolariak todologoak direla. Buruak di-da itzuli zuen: guztilariak. Ez da zaila nor zen jakitea: Ruben Mejuto musikari eta pedagogoa, Ostomila Txotxongilo Taldeko aktorea. Filologoak ere guztilariak gara; eta txotxongilozaleak, ni behintzat.

Espainiako akademiak mespretxuzkotzat dauka todólogo: «Hainbat espezialitate ezagutzen eta menderatzen dituela uste duena». Amerikanismoen hiztegian Hondurasko hitza dela jaso dute espainolaren akademiek, eta adarra jotzeko erabiltzen dela. Ingelesez jack of all trades… and master of none esaten zaiona.

Gervasio Sánchezek La marean idatzi zuen Karlos Zurutuza donostiarrak, Libian eta Iraken egindako lanagatik Rikardo Arregi saria irabazitakoak (2012), erabili zuela lehenengoz kazetaritzan (uler bedi: Espainian). Sánchezek dio, eta ados egon behar, halakoek gaietan sakontzeko aukerak birrintzen dituztela. Gogoan dut filologo handi batek kontatua: telebistakoek hizkuntzari buruzko gai eztabaidatsu batez iritzia galdetu eta gero berak bi segundo eta kaleko pertsona batek beste bi segundo izan zituela.

Berriz, Interneteko foro batean mexikar batek idatzi du bere herrialdean denetik egiten duen pertsonari dagokiola: dantzatzen, sukaldatzen, abesten, marrazten, argazkiak egiten, denetarako astia eta gogoa daukanari. José Vasconcelos filosofo mexikarrak Todología liburua idatzi zuen 1950eko hamarkadan, eta guztilaritza berarentzat jakintza osora daramaten bideak dira, hots, filosofiaren, teologiaren, etikaren eta estetikaren ikasketa.

Ni txotxongilolari eta mexikarrekin nago: besteak ez dira guztilariak, ezerezlariak baizik. 

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.