Ander Perez Argote

Guri bost

2025eko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Badira nahi gabe ere kolpatzen zaituzten efemerideak, egutegian apuntatu ez zenituen arren, besteek gogorarazten dizkizutenak. Gaurkoa da horietako bat: gaur duela bost urte ezarri zuten konfinamendua, eta etxeetan itxi. Pixka bat lehenagora arte, distantziaz eta axolagabe begiratzen zenioten ekialde urrunean hedatzen hasia zen birusari. Gogoan duzu, urte hartako Iruinkokoan, itxialdia hasi baino pare bat aste lehenago, txinatarrak imitatzen eta maskarak banatzen aritu zirela kokoak. Ongi gogoratuko zineten horretaz handik egun gutxira.  

Gero etorri zena azaltzeko, datuak, balantzeak eta hemerotekak daude, eta norberaren istorioa. Zuk ama gogoratzen duzu, prismatikoak eskutan Arrotxapeko etxetik Alde Zaharreko teilatuetara so, arnasa hartzera leiho hegira ateratzen zinetenean agurtzeko asmoz. Iluntzeko zortzietako txaloen garaia zen oraindik, tragedian esperantza izpi bat ikusteko gai zinetenekoa, «hobeak aterako gara» ziotenean, auzokideak musukoak josteko antolatzen ziren bitartean.

Orain, ordutik bost urtera, bete gabeko promesak gelditzen dira bakarrik. Etxebizitzak merkatuko zirela zioten, baina inoiz baino garestiago daude. Osasun sistema publikoaren aldarria zabaldu zen bolo-bolo, baina prekarizaziorako eta pribatizaziorako joera da nagusi. Denak ohartu omen zineten zaintzaren garrantziaz, baina mugimendu feministak etorri behar izan zuen greba orokor bat antolatzera, eta betetzetik urrun daude orduko eskariak. Bitartean, txertoen aurkako aktibista bat jarri dute munduko potentzia nagusiko osasun idazkari, eta, sentsazioa duzu, ikasi-ikasi, norberaren udal terminoan zenbat paseo eman zitezkeen bakarrik ikasi zenutela.

Komunitarismoaren garaia beharko luke gaurkoak, zaintza sareak eta bizitza erdigunean jartzekoa, baina, beste behin ere, munduak aukera mahai gainean jarri, eta «guri bost» erantzun geniola dirudi. Zeren eta, behintzat, zauria kolektiboa izango zela zirudien, baina hor gaude, bost urteren buruan, nor bere zauria garraio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.