Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Gure urteekin

2023ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Nork ez du errepide galduan, egun buruzuri horietako batean, kotxea bazterreratu eta negarretan hasi? Desordu horietan beti egiten du euria, euririk ez badago ere, eta hotza. Beti agertzen da Anariren kantuetako oreina seinaletan harrapaturik. Ez da zertan kotxerik egon, eta seguruen, errepiderik ere. Atmosfera da kontua, eta hori kantu batean, edo argazki batean edo poema liburu batean aurki zenezake. Castillo Suarezek Alaska kaleratu du, eta lehenengo lerroetan esaten dizu dagoeneko badakizuna: lehenago edo geroago, beti iristen da negua.

Poema bati eska diezaiokezuna aldakorra izan liteke. Aspaldi hasi nintzen berrirakurketak egiten, eta horietan jabetu naiz norberaren bizitza unea zein garrantzitsua den poema edo kantu baten aurrean. Hala ere, daitort, beste arrazoi aldeko batzuk ere izan ditzaket. Ez ditudala gauzak hain argi honetan. Uste dut gehiegi irakurtzen dugula eta zaila egiten zaidala astindua emango didan zerbait aurkitzea askotan. Eta halako batean Alaska azaltzen da espeleologia teknikak erabilita zure barrenetara zuzenean doana. Zu ere balea baten esperoan zaudelako, zuk ere badakizulako ezin duzula ezer egin maitatzen ez zaituenekin, elur-min zarelako, min eta beldur bilduma duzulako. Bai, lehen hauskorrak ginen eta orain iraunkorrak, eta pentsatzen hasita (ia) ezagutzen ditugu gure baitan bizi diren emakume guztiak; zuk ere urte batzuk badituzulako. Dagoeneko denbora ez dugu ordutan neurtzen, honezkero poematan neurtzen dut nik. Eta Alaska-n geratzeko moduko eternitatea sentitu dut. Badakizu, ordea, ezin zarelapoemetan geratu, hor kanpoan errealitatea dagoelako. Eta errealitateak badu ordurik, eta lo faltarako pilulak, eta urdailerako hautsak, eta fitxatzeko makina, sakelakorako kargadorea, eta beti ahaztu egiten zaizun frutarako poltsa. Askok edertasuna sortzen dute eguneroko arrunkeriekin, elurrarekin edota oreinekin, eta eskerrak eurei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.