Maider Galardi

Gure izeben izebak

2025eko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun

Uste dut Uxue Alberdiri behinola entzun niola bere familiaren zuhaitz genealogikoa osatua zuela, baina ez nolanahikoa. Alberdik sendiko andreei galdetu zien haien amek eta izebek eta ahizpek, eta horien amek eta izebek eta ahizpek… zertan egin zuten lan etxetik kanpo. Hau da, zertan egiten zuten soldatapeko lana, zeren eta espero dut bi greba feministen eta greba orokor feminista baten ostean, eta ekarpen feminista eskergaren ondoren, argi dugula heteropatriarkatuak debalde lan egiteko amarrua egin digula feminitatearen, maitasunaren eta zaintzaren izenean, eta ulertzen dugula hori ere lana badela, nahiz eta ordaindua ez izan. 

Lore Lujanbiok dio zaintza lanak ez direla jarduera zehatz bat, produkzio-harreman patriarkalek ekoizten dituztela baizik. Eta Uma Ulaziak azpimarratzen du desberdintasunak, naturalak izatetik urrun, sortuak direla emakumeen zapalkuntza etengabe birsortzeko. Horrela uler daiteke etxeko aingeruaren ideia, zeinak irudikatu zuen emakume bat, maitalea oroz gaindi, eta uste izan dugu gure etxekoandreek ez dutela etxetik kanpo lan egin. Baina egin ezazue proba, galdetu zuen inguruko andreei ea haien arbasoak zertan aritzen ziren. Nire amama, esaterako, irakaslea izan zen; amonak, berriz, hiru urtez egin zuen farmazia batean lan. Lehenago baserrian jardun zen, haren ama eta haren ahizpak bezala. Ez bakarrik baratzean, baita azokan saltzen ere. Haien amona bat berdin, eta beste batek sagardotegi bat ere izan zuen. Beste aldean, nire birramonak liburutegi batean egin zuen lana. Eta birbirramona bat tabernan aritu zen zerbitzari. Kostaldean badira zirgariak, saregileak eta saltzaileak. Barnealdean neskameak, espartingileak eta garbitzaileak. Meatzaldean, ikazkinak. 

Eta hori guztia, ziur mespretxuzko begiradapean eta etxeko lanak alde batera utzi gabe. Aingeru gutxi eta zapalkuntza asko han eta hemen.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.