Arriaga antzokiko alfonbra gorriak ez du bat egiten bi ertzainen uniformearekin; argazkiko hamar lagunek osatzen duten arkuaren bi ertzetan ageri dira. Atzean, Dolores Redondo idazlearen azken liburuaren azalarekin egindako mural erraldoia. Idazlea bera dago argazkiaren erdian, Urkullu lehendakaria eskuinean eta Ramon Garcia aurkezlea ezkerrean; Aburto eta Erkoreka ere berehala ikusi ditut. Arriaga antzokia bete zuen liburu aurkezpenean.
Joan den astean whatsapp bidez argazkia iritsi zitzaidanetik egonezinak harrapatuta nauka, eta ez dakit zergatik. Ezertan hasi aurretik, nire egoari begietara begiratu diot: noski, nik ere nahiko nuke Arriaga bete liburu aurkezpenetan; aukeran, konpainia nobleagoan. Baina ez da hori. Gogoratu nahian ibili naiz, bila ibili naiz, Jaurlaritzak noiz eman ote dion idazle bati halako babes instituzionalik. Zergatik Dolores Redondori? Zer egin du emakume horrek, famatu bihurtzeaz gain, gure herriarengatik? Euskarara gerturatzeko ahaleginik egin du sekula?
Aurten Durangoko Azokan izango da Dolores Redondo, euskal kulturak ez ezik, cultura vasca-k ere baduelako lekua bertan. Eta pentsatu dut zenbateraino ote naizen —garen— horretaz kontziente. Jakin nahiko nuke gure euskalduntasunaren tenplu —beharrezko— horretan zenbat salgai dagoen, eta zenbat saltzen den euskaraz eta zenbat erdaraz. Stand artean kabitu ezinik gaudela, euskaldunoi iruditzen zaigu bagarela nor, euskal kulturak baduela etorkizunik. Baina jakin nahi dut ia orgasmo bat izateraino euskalduntasunak eztanda egiten didan une horretan, zenbat den erreal eta zenbat ilusio. Hain gaude kolonizaturik, kolonizaturik ez gaudela ere iruditzen zaigu. Normala izango ez da ba Durangoko Azokan bertan sinatzeko ilararik luzeenak espainolez idazten duten bi idazlek izatea?
Gauza bakarra daukat garbi: guk jarraitu beharko dugula momentuz geurea babesten; beraz, euskaraz hitz egin, euskaraz bizi, baina baita irakurri eta erosi ere!
LARREPETIT
Gure doloreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu