Ander Perez Argote
LARREPETIT

Gurdiak eta iltzeak

2023ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Rubialesen aferari begira zaudela, ez dakizu zerk eman dizun goragale gehiago, Rubialesen jarrerak berak, ala haren ondotik etorri den hainbat gizonezkoren errefus adierazpenen errenkadak. Badakizu desberdintzen momentuan bereko gaitzespen zintzoak eta gerora etorri direnak, urrutitik antzematen zaie azken horiei norbere ipurdia salbatzeko eta gurdira igotzeko asmoa. Hainbat futbol taldetako entrenatzaile eta bestelako agintariren ahotik entzun dituzu, diskurtso ia kalkatua batzuena eta besteena, ekintza jakin batean fokua jarrita, baina egiturazko arazoaren arrastorik ez. Eta poztu nahiko zenuke, jakin badakizu hori esatera atera behar izatea bera feminismoaren garaipen kulturala dela, baina bada zerbait errezeloa sorrarazten dizuna.

Agian zure inguruan ere halakorik antzeman duzulako da. Ez orain, lehenagotik dator kontua. Mesfidantza sortzen dizu edozein eraso matxistaren aurreko hainbat gizonen jarrera asaldatuegiak. Posizionamendu ia mekaniko bat sumatu izan duzu sarri, garai berrien konpartsa izate nahi bat, baina duda duzu, zenbat duen horrek azaleko postureotik, eta zenbat benetako kuestionatzetik, eta ondorioz, barne eraldaketatik. Nahiago zenuke olatuak eramaten utzi baino, olatuen aparretan hankaz gora ikusi bazenitu batzuk, zure inguruan zalantzak sortu balira, topatu bazenu zure burua pikito bat eraso ote den eztabaidatzen eta baiezkoaren ondoriora heltzen, partekatu bazenu zure inguruko mutilekin noizbait nonbait norbaitekin halakorik egiteko tentaldian zure burua topatu izan duzunaren kezka. Nahiago zenituzke iltze batzuk bidean, gurdira igo direnen bidaia hain erosoa izan ez dadin.

Eta agian seinale ona da dena, agian halako atxikimendu automatak ez dira hegemoniko bihurtzen doan borroka eraldatzaile baten ondorioak baizik. Ez dakizu, ez duzu beste iraultzarik bizi izan. Baina zuk ere behar izan duzu artikulu hau emakumezko lagun batekin partekatu, argitaratzera bidali aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.