Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Gu gaitun

2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Eskerrak pasa direla jadanik hauteskundeak; propaganda politikoak buruko mina jartzen dit beti. Gainera, asteburuan lanpetuta ibili naiz, beti bezala, bazterretako gai batekin egon naiz: putak. Hauteskundeen inguruko kanpainetan, behintzat, nik ez dut entzun langile sexualen eskubideei buruzko diskurtsorik. Beraz, pentsa genezake gaiak, lan sexualak, ez duela behar duen garrantzia, baina, aitzitik, egungo gizartean merkaturik garrantzitsuenetariko bat da.

Euskal gizartea onena da errealitate hori ezkutatzen, kaleetatik urdangak atera dituztelako, baina horrek ez du esan nahi hemen Euskal Herrian putak ez daudenik. Klubetan edo etxebizitzetan daude; beste batzuetan, iragarkien bitartez antolatzen dira. Merkatu horrek diru pila bat metatzen du, eta bere langileen bizi baldintzak oso kritikoak dira. Izan ere, beraien oinarrizko eskubideak momentu oro urratzen dira.

Asteburu honetan politikaz asko ikasi dut. Laburbilduz: batzuek eztabaidatzen duten bitartean, beste asko ikusezinak dira, ez dira existitzen. Soilik esatea, aurten, jende asko etxean gelditu dela, euskal gizartearen %35ek ez du bozkatu. Nik uste adierazle garrantzitsu bat dela, eta asko ez direla ordezkatuak sentitzen. Jakina, erritual politiko erraldoi horiek, hauteskundeek, ez diote ia eskumenik uzten herriari.

Hala ere, oso pozik nago, asteburu honetan, Gu Gaitun topaketetan, langile sexualen hitza entzun dudalako eta momentu historiko txiki eta izugarri bat bizitzeko aukera izan dudalako. Gipuzkoan lan egiten duen langile sexual bat, lantalde batean, armairutik atera zen, bere burua aurkeztuz. Malkoei eusten nien bitartean, Aukerako lagunei begiratzen nien tarteka; ondo genekien zer esan nahi zuen hori, zenbat lan egin behar izan den, eta zein zaila den putaren estigma atzean uzten duen gune bat sortzea. Baina lortu dugu, eta ozen esan dezakegu: hemen gaude, gu gaitun putak, eta eskubideak ditugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.