Asko ikasi nuen Borgen telesailarekin. Besteak beste, ulertu nuen Groenlandia eskuratu nahi izatearena; lehendabiziko ahalegin trunpatiaz ari natzaizu. Niri neuri ere erokeria galanta begitandu zitzaidan, baina ez da inperio oro zorakeria demasekoa? Harrezkero, baina, Groenlandia ezberdin ikusi nuen, kokapena eman nion munduan. Eta, txitean-pitean, aurkitu nuen herrialde hoztuarekin lotutako sormen lanik.
Orain bolo-bolo dabil Groenlandia. Daborduko jakingo duzu hangoek ez diotela lurrari Gronland (daniarrek bezala) edo Greenland esaten. Groenlandiarrentzat herriak Kalaallit Nunaat izena du. Hiriburua Nuuk dela ondo ikasi dut Niviaq Korneliussen-en eleberrian. Idazle groenlandiarraren bigarren eleberria da Naasuliardarpi —ni espainieraz irakurtzen ari naiz El valle de las flores (Haraneko loreak)—, eta groenlandieraz idaztea erabaki zuen. «Zergatik idatzi groenlandieraz, danieraz edo inglesez askoz jende gehiagok irakurriko bazaitu?». Itzulpengintza ezagutzen ez dutenen ohiko esaldia. Ez dut horren berrespenik aurkitu, baina baietz galdetu izana?
Lan honekin 2022an Bjørnson saria jaso zuen, eta Eskandinavian ematen den saririk garrantzitsuena, Nordiska Radet (Ipar Kontseiluarena) ere bai. Istorioaren garapenak maldan behera zaramatza; Nuuk izoztuan hasi eta Danimarkako Aarhuseko unibertsitatera ikastera doan emakume groenlandiarraren gainbehera erakusten baitu. Bakardadea, isolamendua, eta ezberdin sentitzearen malura. Liburuak itzelezko arrakasta izan du, hamaika hizkuntzatara itzulia izan da. «Liburu on batek manifestazio batek baino eragin handiagoa izan lezake», esan du. Zalapartak balio badigu groenlandieraren gainekoak ezagutzeko, gaitz erdi.