Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Gorrotoa

2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Badu gorrotoak mugarik? Ohorea edota norberaren usteak eta sinesmenak egon litezke maite dituzunen gaindi? Banaz Mahmod-ek 20 urte zituen hil zutenean. Kurdu-irakiarra zen, baina bizi, Londresen bizi zen. 17 urterekin tratu txarrak ematen zizkion gizonarekin ezkonarazi zuten. Eragozpen handiak jarri zizkioten, baina azkenean lortu zuen dibortzioa, eta Banaz Mahmod-ek maite zuen beste gizon batekin hasi zuen harremana. Alegia, familiaren ohorea zikindu zuela. Eta 2006anaitak, hiru lehengusuk eta osabak hil zuten. Tira, hil ez; bahitu, bortxatu, jo eta hil. Zein ohore da gehien maite behar dituzunak hiltzera zaramatzana? Honour telesailak kontatuta ezagutu nuen nik errealitatea oinarri zuen istorioa. Amaieran nik ere gorrotoa sentitu nuen.

Londres urrun geratzen da Iranetik, eta, hala ere, istorioarekin gogoratu naiz Irango eskola eta unibersitate zenbaitetan emakumeak gasarekin pozoitzeko izandako jazoeretan. Iran hegoaldeko Kavar hirian eskolan zeuden gutxienez 27 emakume ospitalera eraman zituzten. Ipar-ekialdeko Urmia hirian beste 30 bat emakume ospitaleratu dituzte. Zanjan eta Hamedan hirietako medikuntza unibertsitateetan. Denak emakumeak. Kasualitatea? Hiri gehiagotan ere gertatu dela salatu du 1500tasvir kolektiboak: Teheran, Shahriar, Borujerd, Rasht, Lahijan, Pakdasht... 58 bat eskola eta milatik gora emakume pozoiturik. Baina zer espero dezakegu mulla lider ellijioso bik 9 urteko neskatilekin ezkontzeak dakartzan onurak aldarrikatzea ahalbidetzen duen gobernu batez? Edota, gizon talde batek bortxatu ostean, 16 urteko Atefeh Sahaleh gizon batzuekin sexu harremanak izan zituela aitortzera behartu, eta, ondorioz, 16 urteko emakumea heriotzara kondenatzen duen justizia sistema batez?

Biharko egunaren bezperan pentsamendu asko datozkit munduan gertatzen direnak irakurtzean. Antza, emakumea izatea bezain gauza iraultzailerik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.