Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Gobernua

2013ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Gure gobernuak, Euskadiko Gobernuak, berdintasun lege bat eman zion bere buruari, 2005. urtean. Beti bezala, Euskadin gauzak azkarrago egin genituen Hispanian baino. Estatuan berdintasun legea 2007koa da. Aurrera jarraitu baino lehen, datu esanguratsu bat: tabakoa tabernetan ez erretzeko atera zuten legea berdintasunaren bi legeak baino gogorragoa da. Hau da, Hispaniako erreinuan, taberna batean erretzeak zigor handiagoa dakar berdintasun legea urratzeak baino.

Gure politikariek ondo dakite argazki bat ateratzen, izugarrizko gauza bat egiten ari direla esateko, baina gero edukietara joaterakoan, hor konturatzen gara noraino den hutsa egindako guztia. Aurreko astean, Bilbon izandako bi emakume erailen inguruko berria komentatzen ikusi nuen neure burua telebista publikoko saio batean. Handik atera bezain pronto, berdintasun legea, indarkeria matxistari aurre egiteko legea, eta beste hainbat dokumentu legezko etorri zitzaizkidan burura. Gobernu departamentu guztietan berdintasun unitate bat izatera behartzen du Euskadiko berdintasun legeak. Horrek euskal telebista publikoa ere inplikatzen du, beste departamentu batzuen artean. Ez da betetzen, noski.

Ezin dudana ulertu da nola gobernu batek bere buruari lege bat ematen dion, gero ez betetzeko. Ezin dudana ulertu da nola indarkeria matxista denek gaitzesten duten, baina gero inork ez duen ezer egiten. Nazkatua nago beti eroaren rola betetzeaz; bizitza osoa daramat berdin, leku guztietan esaten: estatu espainolean 100 emakume erailtzen dituztela urtero. Ez dago hainbesteko sarraskirik egiten duen talde terroristarik.

Nahiko kritikoa izan naiz beti legeekin; ez dut uste aldaketa sakonik sustatzen dutenik, eta, gainera, beti doaz berandu. Baina, gutxiengo hori errespetatzen ez badute, aurpegira barre egiten digute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.