Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoan Frantziak ez omen du zerikurisik. Parisek, Madrilek eginen dituen balizko urratsak segituko ditu, besterik gabe.
Gure hizkuntzaren ukapen eta zapaltzean, euskararen garapena trabatzean, gure kulturaren folklorizazioan, gure izatea errefusatzean, 200 urtez goiti dirauen gure herriaren deuseztapenean, Parisek ez omen du zerikusirik.
GALeko atentatuen laguntza logistikoan, deportazioetan, presoen bakartze, urruntze eta sakabanaketan, iheslarien kontrako ehizan, euskal herritarrak espainiar segurtasun indarren patura ematean, euskal militanteen pertsekuzio, desagerpen eta atxiloketetan, Frantziak ez omen du zerikusirik.
Gure herria gaztez odolustean, baserritar laborantza itotzean, gure lur eta etxebizitzak kanpotik etorritako aberatsen esku uztean, amalurra zaurituko duten proiektu erraldoiak inposatzerakoan, zerbitzu publikoen suntsipenean, Ipar Euskal Herriak beharrezkoak dituen tresna sozial eta ekonomikoak galaraztean, Parisek ez omen du zerikusirik.
Badira une batzuk garrantzitsuak direnak, eta hau horietariko bat da, Baionako karrikak zeharkatuko dituen manifestaldiaren deizaleei beharko bat besterik ematea aski da. Garai berriak heldu omen dira, baina ez dira bakarrik etorriko. Ez digute sekula deus ere eman, ez eta emanen ere, lortu beharko dugu, lehen bezala gero ere.
Bihar, hitzordu garrantzitsua dugu Lapurdiko hiriburuan, lapurtar, baxenafartar eta xiberotarren hitza eta erabakia errespeta ditzaten. Biharko Euskal Herria Baionatik abiatuz sor dezagun. Paris eta Madril mugi daitezen, mugi gaitezen gure herritar eta herriaren oinarrizko eskubideen alde. Goazen Baionarat.
Larrepetit
Goazen Baionarat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu