Ander Perez Argote

Gizon galduak

2024ko irailaren 13a
05:00
Entzun

Zaila da jakiten azken hamarkadetan gizon askok feminismoarekin bat egin izanak zenbat duen benetako kontzientziaziotik, eta zenbat politikoki zuzenaren olatura igotzeko premiatik. Gogoan duzu orain urte batzuk beste gizon batzuekin solastatu izana, noizbait matxirulo gisa seinalatua izatearen kezka jasangaitzaz. Orain, pentsatzen duzuna da nola izan zitekeen kezka etiketa bera, eta ez etiketa horretara iristeko jarrera batzuen jabe izateko arriskua. Eta gero asaldatzen gara bortxatzaile potentzialak garela esaten badigute.

Uda tamalgarri joan da. Hamarnaka gizonek bortxatu zezaten gizon batek emaztea drogatzen zuela jakin bitartean, eta Espainiako zinegotzi batek neskatila bat bortxatzeaz kantatzen zuen bitartean, gauzak ez zihoazen hain ongi gure espazio (ustez) seguru eta (ustez) kontzientziatuetan ere. Mutil gazteak txosnaguneetako protokolo feministak desafiatzen aritu dira zure hirian bertan, alde egiteko exijentziei entzungor. Mundua eraisten sentituko zenuke zuri halakorik exijituko balizute: harro agertzen dira batzuk orain, zuzenean jarrera misoginoak izateaz akusatu arren.

Aitor dezagun: galduta ibili gara gizonok feminismoarekin, baina galduta geundela aitortu nahi izan gabe. Sarri, isilik, hitz desegokia ez esatearren; maiz, postureoan erorita, aliatuarenak egiteko; tarteko malabaretan askotan, deseraikitzen gabiltzala bai baina askorik nabarmendu nahi izan gabe. Eta gehienetan, mutu eta isilik, ez genekienaz galdetzeak hauskor agerraraztearen beldur, eta mutu eta isilik gelditzea dagoeneko parte izatea zela ohartu gabe.

Azaletik begiratu diogu aferari, barruko jarrerak aztertu ordez. Eta bukatu da: garai batean, politikoki zuzen agertzearren lerratzen ziren batzuk behintzat. Baina bistan da: ez da aski, eta sekula ez da izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.