Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Ginkana

2015eko irailaren 20a
00:00
Entzun
Bizitza ez da aski. Jaiotzaren eta heriotzaren inguruko txikikerietako tolesdurak bazter utzita, lana eta lanik eza, etxekoak eta lagunak, ezezagunak eta elkartasunak, ametsak eta porrotak, maitasunak eta gorrotoak, bizipozak eta tristurak, gaixotasunak eta zaintzak, ezagutzak eta gutxieneko jarrera kontsekuente baten harian ibiltzen ikasteanahikoa ez, eta bestelako pizgarriak behar dituen ginkana bat behar du gure bizitzak dibertigarria izango bada.

Eta bizitza eta honen errepresentazioa aspergarri mortalak zaizkigulako asmatu genituen jolasak. Nola zen hura? Munduaren ipurtzuloan dagoen faro hartaraino joan, eta garai batean Gaztelako koroako bandera bezala, orain ikurrina ezarri bertan. Jolasean, baina ezagunak zaizkigun arauekin. Olgeta baita, ez suizidioa. Eta beti jolas berean aritzea bizitza bezain aspergarria delako asmatu dugu oraingoa: utzi Patagoniako basamortuak eta goazen urrun, ahal denik eta urrunen, eta itxuraz gure antzik ez duen norbaitengana. Exotikoa, hori da, izan dadila exotikoa (dibertigarria bezain inportantea). Biluztu ditzagun jantzita badaude, izan daitezela xelebre, barregarri, gure imaginarioan betidanik izan ditugun bezala, eta mesedez, ezkutatu ondo filmazio eremua gordetzen duten zaindariak.

Alferrik ukatuko dugu, ginkanak beharrezkoak dira. Begira, gerrei buruzko azalpenei aspergarri iritzita, Europa aberatsera heldu beharreko lehiakidez bete zaizkigu albistegiak. Itsasoak zeharkatu behar dituzte, mugak, txarrantxak, poliziak eta kazetari gaiztoak. Arauak, egunero aldatzen dira. Eta laguntzak, edozein jolasetan bezala ematen dira. Asteon, esaterako, Kroaziatik pasa behar dutenei aurreko lehiaketa batean ahaztutako minak non dauden esan behar izan diete, lanak errazte aldera.

Gauza bat du txarra ginkanak. Beste edozein jolasen aldean garbi agertzen garela nolakoak garen, ez dutela disimuloek balio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.