Gorputz-ataletan unibertsalak aurkitu nahi, eta honako hauek baino ez dira proposatu: buru eta beso guztiek dauzkate; hanka eta beso beti dira ezberdinak; baldin eta oin badago, orduan esku ere egongo da. Asko ez, ezta? Bada, salbuespenak omen dituzte gutxi horiek ere. Muturrera jorik, jahai hizkuntzan (Malaysia) ‘goiko hanka’, ‘beheko hanka’ eta ‘oina’ dituzte, baina ‘hanka’-rik ez; 50 berbatik gora aurpegiko zerak izendatzeko —tartean ‘bekainen arteko zimurrak’—, baina ‘aurpegi’-rik ez, etab.
Ingelesek eta guk oin eta hanka banatzen ditugu; ostera, mendebaleko hiztun askok hanka baino ez dute; aldiz, atzamar eta behatz bereizten dituzte, erdialdeko hiztunek ez bezala. Zeri begiratzen zaion: formari (buru eta borobil lotuta baleude), ondokotasunari (besape eta ukondo, edo oin-etik eratorritako orkatil eta orpo) edo funtzionaltasunari: oinez ibiltzen garenez, zertarako hanka? Edo hanka egiten badugu, zertarako oin?
Ondare zaharreko gibel-en aldean hepatiko - hepatitis kultismoak ditugu. Hepar biziaren ardatza zen greziarrentzat. «Deaths in The Iliad» lanaren arabera, hiru hil zituzten gibelean kolpatuz, bat ezpataz eta bi lantzaz. Greziarrek gibela emozioen egoitzatzat ere hartzen zuten, eta poetek maiz aipatzen zuten sentimendu sendoa adierazteko.
Aldiz, gurean OEH-k epikarik eta lirikarik gabeko adibideak baino ez ditu bildu. Emozioak beste nonbait ditugu, antza. Izan ere, gibela txarra baita. Hona Balendin Enbeita: «Promesak aundi baña / betetan ez dausku, / gibel aundikua dok / gure anai Praisku». Eta hona Lizardi, oraindik guri belarrira mintzo: «Egoarririk, eramapenik eta gibelik asko bear baita, euskeltzaleak txintik atera gabe euskeraren igesari begira egoteko».