Goizalde Landabaso

Gezurra

2024ko abenduaren 17a
05:00
Entzun

Ez daukat akorduan noiz jakin nuen Olentzero gurasoak zirela. Ez dakit goiz edo berandu izan ote zen. Gogoan daukadana da, eta ez nago ziur (agian, denborarekin nire buruak eraiki duen memoria da), ama ordu txikietan bakoitzaren txapinen inguruan opariak atontzen ikusi nuela. Ebidentzien aurrean, disgustu itzela gainean nuela, gurasoek onartu zuten. Eta oroitzen dut eskatu zidatela sekretuari eusteko nire atzekoei disgusturik ez emateko. Alegia, gezurraren konplize izateko. Nik, antza, hitz gutxi esan omen nituen: «Baina, zergatik gezurra?». 

Gezur sozial nagusienetakoa da, zalantza barik.

Gezurrezko mundu batean sartzeko ituna ote? Data hurbiltzen denean neure buruan jira-bueltaka ibiltzen zait galdera bera: Horren parte izan nahi ez baduzu, zer? Guraso bezala erabakitzen baduzu zure seme-alabei, Olentzerorik / Aita Noelik edota enparaurik ez dagoela esatea, hots, zu zarela opariak erosten dituzuna eta hortaz etxeko ekonomia desorekatuko ez duen oparia izan behar dela, zer? Orduan, zer? Libre zara guraso bezala horrelako erabaki bat hartzeko, ala gehiengoaren hautuak irentsiko zaitu? Bada gurasoen artean, inoiz, horrelakorik pentsatu duenik, ala pentsaezina da? Demagun norbaitek erabakitzen duela epaitegietara joatea seme-alabei egia kontatzeko duen eskubidea babes dezaten; epaileren batek onartuko luke kasua? Zer gailenduko litzateke, gezur komunala ala norbanakoaren eskubidea? Jakingo litzateke, behintzat, zein unetan erabakitzen den gezur hau dena? Eta hedabideek, zelan kontatuko lukete kasua? Eszenifikaziorik egongo ote litzateke gezurra babesean gera zedin?

Eguberrietako misterioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.