Maider Galardi

Gertatzen ari dena

2025eko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun

Ohartu gara, bai, Donald Trump ailegatu dela Washingtonera. Abiatu du ohikoa duen dekretu-kolpeko agintaldia. Gogoratzen dut aurreko legealdiaren aurreneko hilabeteetan etxe honetako Mundua sailean nengoela lehen urratsak egiten, eta paradigma aldaketa baten moduan ikusi genuela presidentearen Twitter kontua segitu behar zela, handik iragartzen baitzituen aldaketa nagusiak. Urte batzuen buruan erosi zuen Elon Muskek sare soziala, izena aldatu, eta orain Trumpen gertuko aholkularia da aberats okaztagarria, fanatiko totala eta faxista konbiktua. Nola ez zuen ba albisteak inpaktua eragingo gure erresonantzia kaxa txikian.

Baina, mugatua den bezala guk oihartzun egiteko dugun eremua, txikia da gure mundu ikuskera ere. Hala oroitarazi du Angela Davisek inbestidura egunean Washingtonen egindako bakearen eta demokraziaren aldeko ekitaldi batean: «Kargu hartzea baino gauza gehiago ari dira gertatzen munduan». Ohi duen eran, esperantzari egin zion dei Davisek, «esperantza infinituari» —esperantza infinitua diziplina gisa, gehituko luke Jule Goikoetxeak—. Esperantza izpi bat izan da, esaterako, Palestinako su etena hamabost hilabeteren ondoren, eta esperantza apurra izan zen Kuba AEBetako estatu terroristen zerrendatik ateratzea, nahiz azken erabaki horren atzera-buelta gertatzen ari den eta Israelek zortzi lagun hil dituen Zisjordanian. Nazioarteko egunkariak arakatu ditut azkar batean, eta gurean arreta osoa esperantzaz jarri, kontatu diren albiste onak zerrendatu nahian. Errejon, Aroztegia, Los Angelesen itzalean ahaztutako suteak Brasilen. Ezer onik ez han eta hemen, salbu eta jendea, etorkizun hobe baten peskizan, komunitatean antolatuta eta politikoki itxaropentsu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.