«Mutila? Hobe, errazagoa da haien heziketa». Behin baino gehiagotan entzun nuen esaldi hori haurdunaldian, eta beti zimurtzen nuen kopeta: erraza, mutil bat heztea? Eredu maskulino klasikoan hezi nahi baduzu, agian izango da erraza: bizitzak eskaintzen dizkion pribilegio guztiei heltzea besterik ez diozu irakatsi beharko. Baina boterea zer den ulertzea eta besteen aurka erabiltzen ez irakastea; mutil edo beste zerbait izateko modu ugari daudela eta, are, disidentziak libre egiten zaituela, baina, aldi berean, zigorra jasotzeko arriskuan jartzen zaituen ingurune batean haziko dela ulertaraztea eta horretarako tresnak ematea... zer nahi duzue esatea, niri munduko gauzarik zailena iruditzen zait.
24 urte besterik ez zeuzkan Coruñan hiltzeraino jipoitu duten mutilak. Zenbait erakundetako ordezkariek ez dute esanguratsutzat jo haren sexu orientazioa, eta ez dute aintzat hartu erasoa irain homofobo artean gertatu izana. «Gertakari puntuala» izan omen da. Gertakari puntuala litzateke, baldin eta sexu aniztasuna seinalatzen, erridikulizatzen eta gaitzesten duen iruditeria partekatu bat ez bageneuka. Baldin eta gurean ez balego eraso homofoboen historia amaiezin bat. Baldin eta gizartearen zati handi batek jipoiaren mehatxua bere larrutan sentitu izan ez balu.
Baina ez da. Eta zuri, agian gizon, agian hetero gisara identifikatzen zaren irakurle horri ere, eragiten dizu Coruñan gertatu denak: zure askatasuna ere badelako han ostikoka birrindu dutena. Inoiz eremu berriak trantsitatu nahi badituzu, LGTBI edo queer borrokari esker bakarrik egin ahal izango duzulako askatasunez eta segurtasunez.
Homofobia sexu aukeraz harago doa: kolpatzen zaituen bitartean «marika»-ka ari zaizunak ez dizu soilik esaten norekin oheratu behar duzun, nor desiratu. Gizon edo emakume izateko modu bakar bat ere inposatzen ari zaizu: «hortik edozein modutan ateraz gero, kontuz» da mezua. Denontzako hezibide bat da.
LARREPETIT
Gertakari puntuala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu