Belarrira iristen zaizkizun hitz guztien artean, gutxi dira gerra hitzak duena bezain karga transzendentala izan arren halako indiferentzia eragiten dizutenak. Tira, indiferentzia esatea igual gehiegi da; urruntasuna, hobe. Distantziagatik izango dela pentsatu duzu, zeren eta, Bidasoaren alde honetan, 86 urte izan behar dituzu gutxienez gerra bat bizi izateko, eta batzuk gehiago zerbaitetaz gogoratzeko. Baina ez da bakarrik denboran eta kilometrotan neurtzen den distantzia bat, are urrunagokoa da. Fikzio bat, hori da, fikzio bat bezalakoa da zuretzat, ikusi bitartean kasu egiten diezun film horietako bat, baina gero, behin telebista itzalita, gehiago gogoratzen ez duzuna. Ez zaitu zeharkatzen, ez du zure bizitzan eragiten. Bestela, aukera erreala balitz, ez zenukete lagun artean txantxarik egingo horren kontura, frontera deituz gero zer egingo zenuketen asmatzen hasten zaretenean bezala.
Badakizu, ordea, botereak badituela distantzia horiek laburtzeko tresnak, eta atzo urrutikoa zena bihar ezinbesteko bihurtzeko gai dela. Horretan dabiltza Von der Leyen eta konpainia, gerra tabuaren eremutik ateratzen, berrarmatzea gora eta behera, badaezpada gerrarako prestatu behar dugula esanez. Eta horrek gure gizarte ereduentzat izan dezakeen eraginaz aparte —gastu militarra gora, beraz, gastu soziala behera—, bereziki gure psikologian eragin dezakeenak kezkatzen zaitu. Alegia, nola saiatzen ari diren gerra, aipatzearen aipatzez, aukera saihetsezin bihurtzen, atzo arte —gure toki pribilegiatu honetan behintzat— ezinezkotzat genuenean.
Lehenago ere egin zuten, lehenago ere inposatu zizkiguten hitz batzuk, errealitatetzat hartu eta saihetsezintzat har genezan ondoren zetorrena. Suntsipen handiko armak, adibidez, edo arrisku prima, edo menak. Eta gaitz erdi, gerra hitza agendan dagoela baliatuz, behintzat, gerrarik ere imajinatu ezin duen gure bizimodu mendebaldarra urrunagoko gerra eta arpilatzeetan oinarritzen dela gogoratuko bagenu.