Orduak irauten duen ur-parke bateko ur-txirrista bat jaistean izango nukeen zorabioa jaso nuen herriko jaien herenegunaren biharamunean. Neure burua topatzeko ahaleginean bezperetako egunkarietako orriak pasatzen hasi nintzen sukaldeko mahaian uztailaren 13ko El País-en artikulu batekin topo egin nuen arte.
Lerroburuak zioen: «Muturreko segurtasuna Alemanian Rheinmetall-en presidenteari». Zorabioa lagun, albistean ongi sartu arte ez nintzen jabetu kontua ez zela Alemaniako estatu federal bateko presidentea mehatxatzen ari zirela «Errusiako zerbitzu sekretuak». Kontua zela Armin Papperger, arma enpresa baten burua, hiltzen saiatu omen zirela.
Elena G. Sevillanoren artikulua gerraren laudorio antologia batean sartuko litzateke: «Armin Pappergerrek [...] 2019ko elkarrizketa batean kontatu zuen haren herrialdean pertsona izurritsu bat zela. Kexu zen ez ziotelako eskua ematen ere. Bost urte beranduago, gerra Europako ateetan, eta Alemaniaren defentsa eta segurtasun politikan jauzi bat egin nahi duen kantziler batekin, Pappergerrek ia egunero hitz egiten du ordezkari politikoekin. Orain bere papera nabarmena da mendebaldeak Ukraina babesteko Errusiaren kontra».
Bitxia da, Alemaniak kantziler kontserbadoreak izan dituenean Errusiarekin egon den bakea (nahiz eta ekialdea nabarmen ustiatu den eta interes soila ekonomikoa zen) eta nola, berriz ere, sozialdemokrazia gerra testuinguruan itzuli denean, gerra sustatu duen. Ahul gaudenean gure obsesio minimoak azaleratzen dira, pentsatzeari uzten diogu, eta buruko datu-basean ditugun elementu erabilienak datozkigu. Ni oroitu nintzen Bertolt Brechten bi antzezlanez: Arturo Ui, Munduko erreakzioa nola ari den ulertzeko, eta Ama Kuraia eta haren seme-alabak (Hitlerrengandik ihesean idatzi zuen armagintzari buruzko antzerki antibelizista hura).
Neure buruari galdetu nion ea zenbat lagunek irakurriko ote zuten Sevillanoren artikulua eta zenbat konbentzituko ote zituen gerra aurrekontuak igotzea ongi egon dela eta gehiago igo behar direla. Eta nola ez garen ezer egiten ari, sikiera esne-gain tarta bat bota, egunero Pappergerren aurpegira, gerraren aurka.