Hedoi Etxarte

Gerraren morboaz

2025eko martxoaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Oso bestelako zerbaiten bila ari nintzela egin nuen topo 1977an The Pariser Review aldizkarian argitaratu zuten Kurt Vonneguti egindako elkarrizketarekin. Interes literarioa izango zuelakoan, seigarren galderaren erantzunean murgilduta nengoela jabetu nintzen ezetz, gerraren morboak, eskala handiko masakreak egiten zuela solasaldi hori interesgarri. Hasiera oso bitxia zen, Vonnegutek aitortzen zuen hiltzen zenean nahiko zuela hileta militar bat: «Korneta, bandera hilkutxaren gainean, zeremonian airera tiro egiten duen patruila, lur sakratua».

Bigarren Mundu Gerran AEBetako armadan soldadu izan zen Vonnegut eta lehergailuen inguruko kontu aski teknikoak kontatzen ditu. Naziek atxilotu zutenekoa ere badakar: «Gure batailoiko aitzindari-taldekoak ginen. Sei denera. Eta aurrez ezagutzen ez genituen beste 50 bat. Alemanek ikusten gintuzten, zeren bozgorailu batetik hitz egiten baitziguten; egoera etsi batean geundela esaten ziguten, eta halakoak. Eta orduan jarri genituen baionetak. Ongi egon zen minutu batzuez».

Gero Dresdeko bonbardaketaz ari da: «Hiltegi batean bizi ginen, zerrientzako ukuilu berri batean, eta atsegina zen, porlanezko blokeekin zegoen egina. Literak jarri zituzten eta ukuiluko lastozko koltxoiak, eta goizean joaten ginen eskulan gisa, malta-ziropa egiten zuen lantegi batera. Ziropa haurdunentzat zen. Sirena madarikatuek jotzen zuten eta hiri osoari nola erasotzen zioten entzuten genuen, bum bum bum bum. Inoiz ez genuen uste guri tokatuko zitzaigunik. Oso babesleku antiaereo gutxi zeuden hirian eta ez zegoen armagintza industriarik, bakarrik zigarro fabrikak, ospitaleak, klarinete fabrikak. Orduan jo zuen sirenak, 1945eko otsailaren 13a zen, bi pisu egin genituen behera haragi biltegi batean sartzeko. Hotz egiten zuen eta hilotzak zeuden nonahi. Ostera igo ginenean hiria desagertu zen».

Ezinezkoa da gero kontatzen den izugarrikeria ez lotzea egunotan Europako hedabide nagusiak eta alderdi politikoak prestatzen ari diren gerraren hedatzearekin, aurrekontu militarrekin. Zerbitzu publikoetan nola banalizatzen duten defentsiboa eta ofentsiboa den gerraren artean, teknologia deitzen dioten hildakoak industrialki ekoizteko makinari, nola esaten dizuten gazteak armadetan izena ematen ari omen direla haientzat bideojokoekin aritzea bezalakoa omen delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.