GPSa, gepesea, aurkitu du, eta zoratzen irten da etxetik helmuga ezezagunera arazorik gabe iritsiko den uste osoz. Itsu-itsuan jarraitu die agindu guziei. Itsu-itsuan, literalki. Gepeseak «ezkerretara»; bera, ezkerretara. Gepeseak, «biribilgunean laugarrena eskuinetara»; berak, biribilgunean laugarrena eskuinetara. Gepeseak, «900 metro aurrera»; berak, 900 metro aurrera. Gepeseak, «iritsi zara helmugara»; bera haserre. Ez baitago helmugan. Ez dago inon. Bere helmuga 50 metro aurrerago dago, helmuga dela ziurtatzen duen kartel argidun ikusgarri baten azpian.
Nahikoa luke gepesearekin haserretu beharrean, burua altxatzea. Eta altxatu du, azkenean. Eta irribarrea itzuli zaio, 300 kilometroan azken 50 metroko akatsa barkagarria izan litekeela sinetsita.
Biharamunean ere piztu du gepesea. Agindu dio nora. Lagunek esan diote joango direla elkarrekin. Bidea dakitenak jarriko direla aurrean. Abiatu da. Lagun guztiek, denek, hartu dute ezkerretara. Berak, eskuinetara. Lagunak iritsi dira. Bera, beranduago, jakina. Bere gepeseaz kezkatuta. Eskuinetara esan diola, eta horregatik hartu duela eskuinetara. Zerbaitegatik esan izango diola eskuinetara.
Saiatu dira ulertarazten gepeseak lagundu egiten duela, baina ezin dela ikusten duenaz baino gehiago fidatu gepeseaz. «Errepide nagusia ezkerretara zegoen, ikusi egiten zen eta!». Saiatu dira elkarrekin joateko gonbita egin diotela gogorarazten. Ez du entzuten, ordea. Ez du gepesearen ahotsa besterik entzuten. Eta gepeseak ez dio laguntzen. Agindu egiten dio, bere zentzu guztiak eta zentzu nagusia, komuna, baliogabe utziz.
Hurrengo batean gepeseak «aurreko bidegurutzean hartu eskuinetara» esaten badio eta aurrean bidegurutzerik ikusten ez badu, bidegurutzea noiz egingo zain geratuko da. Erabat zoriontsu izango da bizitzarako gepesea asmatzen duten egunean.
Larrepetit
Gepesearen agindutara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu