Susan Buck-Morssen liburu kaleidoskopiko eder horietako batean irakurri nuen Valery Podorogak Auschwitzeko argazkiei buruz idatzitakoa. Podorogak aitortzen zuen kontzentrazio esparruko argazkiak begiratzean sentitzen zuela begiaren eta gorputzeko gainontzeko atalen artean eten bat. Aitortzen zuen argazkiak «distantzia mekaniko» bat eskaintzen duela Auschwitz ulertzeko orduan. Eremu eta denbora mortu bat da Auschwitzeko argazkietakoa, baina talka bat gertatzen da, soilik fisikoa izan daitekeen zerbaitetik metafisikoa den zerbaitengana zaramatzana.
Buck-Morssek metafisika dioenean ez du fisikoa denaren gainetik esan nahi baizik eta barruan; antza, antzinako grezierazko esanahia hori omen zen. Metafisika hori, Buck-Morssen hitzetan, materialista da gizakien egia erakustean gizakiok barnean daramaten mundua erakusteko gai delako.
Bada, Auschwitzeko argazki horiek sortutako jauziaz gogoratu naiz, azaroko Le Monde Diplomatique irakurtzen ari nintzela, beti hain zoragarri hautatutako irudien artean Mahmoud Alhajen artelanekin topo egin dudanean. Ekialde Hurbilean gertatzen ari den genozidioari buruzko dosierra laguntzen dute zenbait lanek. 2020ko serie bat dago, adibidez, pilulak zeuzkaten aluminio eta plastikozko xaflatxo hutsekin egindakoa, Fragile deitzen dena. Beste bat dauka Long Exposure Memories deitutakoa.
Maiatzean Bartzelonako Uxval Gochez galerian eskegi zituzten Alhajen piezak. Alhaj 1990ean jaio zen, Lehenengo Intifadan, eta, artikuluan jasotzen denez, haren lanak «indarkeria koloniala eta kontrol eta zapalkuntza arkitektonikoen mekanismoak» jasotzen ditu. Gerra tekniketatik artelanak.
Gauza jakina da burgesiak onartzen ez duen gauza bakarra haren porrot politikoa dela eta, halere, ze hasiera ona lukeen Bilboko Guggenheimeko zuzendaritza berriak, Alhajen piezak jarriko balitu, azken mendean ezagutu dugun genozidio latzenaren neurriko abiapuntua izateko.