Goizalde Landabaso

Gauza serioak

2025eko apirilaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kit ditxosozkoa erosi behar ote duen galdetu dit amak. Lagun baten ezagunaren lehengusinaren semearen lagun batek esan diola kontua serioa dela, ez dakit zein lantoki serio eta informatuan egiten duela lan, eta hark esan diola telefono-hautsiaren lehendabizikoari. Eta pentsatu dut ez ote den hori arazoa, seriotasuna.

Berunezko bizitzak ditugu, oro har, zeinetan ezinezkoa den hegan egitea. Ezinezkoa delako, ezinezkoa dela uste dugulako, edota ezinezkoa dela sinetsarazi digutelako. Eta milaka urtetako eskarmentua du, edo dute, edo dugu. Beldurra beti izan da teknika ezin hobea. Eta, erne, gero, beldurraren kontra bazaude. Hemen ez dago tarteko biderik; gara edo ez gara. Bigarren taldekoa bazara friboloa eta txolina zarela esango dizu norbaitek. Kontu serioak hor dabiltzalako eta zu bertso ttikietan edota hondartzako bainujantzia erosten ari zarelako. Seriotasuna berriro. Nork erabakitzen du zer den serioa eta zer ez? Boterea duenak, jakina. Hegemonikoak. Errazago beteko dugu zakua, zalantzarik barik, serioak ez direnekin. Proba dezagun; bat, bi, hiru eta lau: kulturaren diziplina oro, dirurik ematen ez duen entretenimendua, euskara eta serioak ez diren beste hizkuntza ez-hegemoniko denak (sar itzazu ezagutzen dituzun guztiak, seguruen egongo da besterik), feminismoa, emakumeen hitza laguntzen duen edozein jarduera, baikortasuna, musu-truk egiten dena, konpromisoa, egonean egotea... Ariketa hau lantaldean egitea komenigarria da, atoan bete zenezakete serioak ez diren gauzen zakua.

Enfin, errotondarik errotonda ibili naizela, amari ez erosteko esan niola adierazteko. Agian ez da serioa, baina, ez ote da hori arazoa, seriotasuna?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.