Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Gaur*

2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Publikatu den egunean irakurtzen ari bazara hau, jakin ez dudala nik gaur idatzi. Eta, atzo edo herenegun idatzi dudan arren, gaur publikatuko denez, ezinen nioke beste deusi idatzi. Kolektiboaz hitz egiteko idatzi, nire izenean. Eta nahiko nuke zuk bihar edo etzi irakurtzea, gaur borrokan ala borroka ahalbidetzen lanpetuegi zaudelako.

Greba eguna dut gaur. Bolsonaro eta gobernukideek iragarri dute testuliburuak berrikusiko dituztela feminismoari eta homosexualitateari egiten zaizkion erreferentziak ezabatzeko. Bolsonarok, genero biolentzia eta sexu jazarpena goraipatuz kanpaina egin zuen berak. Hainbestetan ikusi dugu: demokraziak atzera egiten duenean, bidean lehenik emakumeak baztertuko gaituzte, historian eta geografia osoan emakumeonak direlako zokoraturiko, isilarazitako, jipoituriko gorputzak. Brasildar mugimendu feminista altxatu egin da, eta gurean ere egin du oihartzun, nola erakutsi genuen Andaluziako emakumeekin elkartasun internazionalista autoritarismoak bozetan gora egin zuenean. Segur aski egun feminismoa izanen delako ultraeskuinari aurre egiteko tresna politikorik ezkertiar eta ahaltsuena.

Gaur greba eguna dut, eta balio behar du aliantzak sendotu eta norberaren jarrerak eta posizioa berrikusteko ere, instituzionalizaturiko eta sistematizaturiko bortxaz mintzo baikara. Elkartasunez, eta era berean nor bere lurraldetik, aldarrietatik, gorputzetik. Aski akigarria baita bestela ere: zapi moreak zientoka banatu eta ekintza feministen parte hartzaileei isuna jarri; grebara dei egin eta emakume langileak azpikontratatu edo zaintza lanari baliorik eman ez; gaurko egunean gizonen argazkia atera nahi eta emakumeon* espazioak itxi; finean, Onintzak zioen bezala, aurrera esan, eta atzera egin ez. Zorionez, oztopo akigarriak oztopo, aspaldi ikasi eta zaletu ginen ehuntze lan aberasgarri honetaz.

Greba eguna gaur dut. Biharko ari garelako gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.