Goizalde Landabaso

Gauaren erdian

2024ko urriaren 8a
05:00
Entzun

Loa eten zidan telefono deiak eta gero nekeza egin zitzaidan berriz hartzea, loa. Espainiar estatuko sakelako zenbaki bat zen, eta kontaktuetan gorderik ez nuelako pentsatu nuen telefono saltzaileren batena izango zela. Lo gutxi eginda joan nintzen lanera, eta agian horregatik, goizeko bostetan deitu egin nuen loa izorratu zidan telefonora. Erantzungailu batek eman zidan arrapostua. Bilatzaile ezagun batean sartu nuen zenbakia, eta horra non zegoen hura. Spamtzat jotzen zuten, baina neure telefonoak ez zidan esan spama zetorrenik. Hau ere lo egongo zen.

Zer kantu egingo luke Juan Carlos Perezek, egun, kale huts mortuen ostean, gauaren erdian telefono deiak hoska hasten direnerako? Aipatuko lituzke telefono konpainiak, eta, zerua eskaintzen dizuten ahots desatsegin horiek? Aitatuko luke zerorrek, atoan, jakin badakizula, zerurik ezin dutela eskaini eta nahikoa luketela, munduko batek daki zein tokitatik, gauaren erdian, deitzen duten horien hileko soldatek duintasun maila hartuko balute? JC Perezek ezer esango luke horretaz?

Nik, dagoeneko, ezagutzen ez dudan inoren telefonorik ez dut hartzen. Britainia Handian kokagune nagusia duen telefono konpainia dela pentsatzen dut beti. Berri onak eman ziezazkizukeen deitzailearen garaiak joan dira. Honezkero ez dugu pentsatzen edonork deituko digunik sari eder bat egokitu zaigula esateko. Tristea, gero. Giza fedea ostu digute gauaren erdian loa eragozten diguten deitzaileek, eta honezkero, saltzaile prekarioa baino ez dugu irudikatzen hari singlearen beste aldean. Horregatik, goizeko bostetan, giza fede apurrarekin deitu nion loa apurtu zidanari. Horregatik eta mendekuagatik, jakina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.