Gauza bakarra dakit: deus ere ez dakidala. Gogoratu beharreko perpausa, oinetako lur hau ikara dabilkigun egunotan, non ez dakigun ezagutu dugun munduaren azkena heldu den, ala azken-aurrekoa. Etxea galduko dugun, ala lana bakarrik, ala pentsioa, ala erosahalmena soilik. Neron berri bat dugu Erromaren aurrean lira jotzen, edo horren irudipena dakarkigute Blade Runner zahar-berri bateko pantailetan.
Platonek Sokratesi entzun edo esanarazi zion zorioneko perpaus hori ikurtzat dugunok ere baditugu han edo hemen gure sinesteak, gure fedeak, gure joerak eta jaierak, gure isuriak, gure garunetako maskurrak. Entropiari aurre egiteko heldulekuak ote, ala oztopoak?
Zein diren bageneki, gainera. Bestearen begiko lastoaz kexatzen iaioak gara, baina geure begiko haga ikusi ez. Eta horrek badakigu ez duela hoberantz egingo adinarekin. Lehenagotik ez bada, hirurogeietan jadanik sumatzen da hitzak aurkitzeko eta izenak gogoratzeko halako zailtasun bat. Multiataza gero eta gaitzagoa izango bide da, eta baliteke arreta jartzeko gaitasuna ere murriztea.
Dena ez omen da txarrerako. Frogatuta omen dago zaharrago eta hitz gehiago ezagutzen ditugula, eta hitzen esanahiaren ezagutza sakonagoa dagoela zahartzaroan gazte-denboran baino. Gainera, suposatzen da —suposatu bakarrik— urteetako ezagutzatik eta eskarmentutik zeozer ere ikasi dugula.
Abestietan babes gaitezke, bestela. The Ramonesekin esan dezaket nire garuna hankaz gora dagoela. Edo King Gizzard & the Lizard Wizardekin garunaren gutxieneko tamainara irekiko ditudala begiak; budista xamarra ematen du abestiak, eta horrek badamolat (Irene Arraratsi keinu-keinu). Haatik, funtzionatuko ez balu, beti oihuka dezaket Green Bayrena: «Ikusi, ama, garunik ez!».