Larrepetit

Garuna eta bihotza

2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Gauza guztiak izan litezke onak, baina gutxi batzuk baino ez dira. Antonio Machado poeta espainiarrak badauka seintzarotik Paco Ibañezen ahotik entzun eta gure etxeko hormen dardara eragin izan duen poematxo bat: «No extrañeis, dulces amigos, que esté mi frente arrugada. Yo vivo en paz con los hombres y en guerra con mis entrañas». Ez harritu, adiskide amultsuok, nire bekokia zimurturik badago. Ni gizakiekin bakean bizi naiz eta nire zakatzekin gerran. Gaztelerazko extrañar aditza, harritu esateko, antzinako era trantsitiboan erabilita, izenorderik gabe.

Nerabezaroan koldarkeriaren ereserkia iruditzen zitzaidan zorioneko poema. Gizakiei aurre ez egiteagatik barne infernura kondenatua zegoen gizajoaren lantura. Neure buruari zin egin nion neuk guztiz kontrakoa egingo nuela. Beharrezkoa baldin bazen gizaki guztiei egingo niela gerra, baina nire zakatzekin bakean biziko nintzela. Koherentziaren bideak barne bakea agintzen zigun, eta orduko nire idoloek bide hori praktikatzen zuten. Horiek ere bekoki zimurtuen estalpean biziagatik.

Zoritxarrez, inteligentzia emozionala, komunikaziorik gabeko ama-alaben artean hilerokoa legez, ustekabean barrutik irteten zaigunean ezagutzen dugun zerbait da. Eta, okerragoa dena, existitzen zenik ere ez dugu jakiten ordura arte. Pentsamenduaren kartzela ofizialek (ikastola, unibertsitate...) soilik buruarekin pentsa litekeela irakasten digute. Eta diskurtso izugarriak eraikitzen ditugu, ondo koadratutako balantzeak. Baina bat-batean sentimenduak berbaz hasten dira. Eta balantzeek ez dute koadratzen, egokiena zena mingarri bihurtzen zaigu, aldatzea premiazko begitantzen zitzaiguna bere horretan nahi dugu betiko... Barrutik irteten zaiguna genetikoa ala kulturala den galdezka egiten dute talka gure bekokiko zimurrek.

Gizakiekin gerran bizi arren, ez dago zakatzekin bake akordiorik lortzerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.