Blanca Urgell

Garikano eta Noe

2024ko uztailaren 3a
05:00
Entzun

Larunbatean, ekainak 29, Asun Garikanok Euskaltzaindiko sarrera-hitzaldia egin zuen Gasteizko Goiuri jauregian. Ekitaldi osoan zehar «Asun» gora eta «Asun» behera aritu ziren han mintzo behar izan zuten gizonak, bai eta «Maider» gora eta «Maider» behera Gasteizko alkatea, Etxeberria anderea, aipatzeko. Ez da egun horretako, ezta erakunde horretako kontu, noski, oro har kortesiazko trataerak ostikoka erabiltzen dituen gure herri honetan emakumeokin areagotzen den zerbait baizik.

Alabaina, nik edukiaz hitz egin nahi nuen. Izan ere, sarrera-hitzaldi ederra entzun genuen, formaz eta mamiz aparta, Euskaltzaindiak berriki zabaldu duen Noeren ontzia egitasmoari buruz.

«Hezkuntzarako Euskal Testuak» du bigarren izen. Pentsa. Azterketak zuzentzen ez banengo, goitik behera arakatuta neukake dagoeneko. Garikanok gure literatur ondarearen hamaika pasarte zoragarri harilkatu zituen hitzaldian, eskura baleude zer-nolako altxorra geneukakeen erakutsirik. Eskura balituzte, irakasleek erabiliko lituzkete beharbada, eta irakasleek erabiliko balituzte gazteek ondare horren transmisioa jasoko lukete: horixe da, behintzat, egitasmoaren asmoa.

Esate baterako, nork daki Lehen Mundu Gerra bertatik bertara bizirik haren deskribapen zehatz eta lazgarriak utzi zizkigutela Iparraldeko euskaldunek? Nork ezagutzen ditu Jean Saint-Pierre Anxuberrok lubakietan uzkurturik eta lokatzez lepo astez aste idatzi zituen kronikak? Egilearen izena bera, nork daki? Eta, bada, zein testu hautatuko du Historia irakasleak gerra horretaz jardutean? Harena akaso?

Gutxi dugula pentsatu ohi dugu euskaldunok. Alabaina, Garikanok begien bistan ipini zigun soberan genukeela, badugula jakingo bagenu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.