Ander Perez Argote

Garaia

2024ko ekainaren 14a
05:00
Entzun

Sarri entzun duzu egon litezkeen dolu posible guztietatik desagertutako pertsonena dela eramaten zailena, sekula oso-osorik ixten ez dena. Gorpua agertu arte, airean flotatzen geratzen da mina, eta, putz egin arren, ez da erabat desegiten lainoa. Gatazka politiko armatuetan sarri izan ohi dira desagerpenak, kasu gehienetan estatu aparatuen eskutik, eta azken adreiluak izaten dira konponbidearen eta elkarbizitzaren horma eraikitzeko, baldin eta inoiz iristen badira.

Aste honetan bete dira 44 urte Joxe Miguel Etxeberria Naparra desagerrarazi zutenetik, eta laster beteko dira horrenbeste Batallón Vasco Español talde parapolizial faxistak ekintza aldarrikatu zuenetik. Ordutik, gorpuaren bila aritu dira senideak, alferrik. Eta konbentzituta daude Espainiako Sekretu Ofizialen Legeak babestutako informazioa argitara emateak lagunduko lukeela zeregin horretan. Baina ez. Etzi ekitaldia egingo dute Lizartzan, Naparra non duzue? Egia jakiteko garaia da lelopean.  

Eta bai, egia argitu arte beti izango da horretarako garaia, baina garaia orain den bezala aurretik ere bazen. Garai asko daramagu garai izaten. Oraindik gogoan dituzu Eneko Etxeberria anaiaren hitzak, nola hunkitu zintuen orain dela aste gutxi, esaterakoan berriki egindako bilaketaren porrota digeritzea «errazagoa» izan dela oraingoan, ez diotelako amari esan beharrik izan oraingoan ere ez dela semea agertu.

Orain urte gutxi batzuk hil zen Celes Alvarez, semea sekula aurkitu gabe. Pentsa nola hasi eta nola bukatu zen bere garaia. Pentsa zenbat garai eman zituen zain. Eta noiz izango den benetako garaia, garai horri garai esaterik izango ez dugunean ere, ezagutu zuenik ia geratzen ez bada ordurako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.