Blanca Urgell

Garagardo gehiago

2025eko martxoaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Klaudia Severak Sulpikia Lepidinari idatzi zizkion hitzok berridatzi nahi dizkiot neure ahizpa propioari: «Zure zain egongo naun, soror, ahizpa, ene lagun mina». Bera ez dago han, Hadrianoren harresiaren alderik ekialdekoenean. Bera ez dago K.o. 100. urtean ere. Halere, baliteke Klaudia bezain isolaturik egotea tarteka, hura bezain Erromatik urrun, hura bezain gerrariz inguraturik bizi den hiri erraldoi krudel hartan. Lagunen zain, hura bezainbat.

Neurez, gaur Erromaren garaian Northumberlandeko Vindolandan —Landazuri zeltaz— eta harresi hartako beste gotorleku batzuetan bizi izan ziren barduliar zaldizkoez hitz egin nahi nuen, eta haien idazkun eta hizkuntzaz. Ba ote zuten euren hizkuntza gorde armadan hainbeste urte hain urruti egin eta gero? Ba ote ziren han haiekin batera haien barduliar emazteki eta seme-alabak ere? Landazuri urrungo hartan ehundaka agertu diren zurezko oholtxoetan ez dago euskarazkorik, damurik, ezta hitz bakar bat ere, barduliar haiek, Erdi Aroko eta geroagoko euskaldun gehienek bezala, ez zutelako euren hizkuntzan idazten. Klaudiaren hitzekin egin dut topo, ordea, berak bere eskuz idatzi zituen hitz gozo horiekin.

Beharbada Klaudia ez zen sekula barduliarrekin batera bizi. Bizitzekotan, haien beldur izango zen, ez zatekeen sekula haiengana hurbildu, ez zukeen sekula haien euskararik entzun. Ostera, beraren latina entzun egiten dut nik, badu oihartzunik nire baitan. Soror, ahizpa, ene lagun mina: Klaudiak bezala emozioak tintaz islatuko ditut hiretzat, eta espero dinat harenak bezala mendeen mendeetan irautea hiretzat.

Aldamenean, Masklo dekurioiaren hitzek ere berdin-berdin iraun dute: «Ene gizonek ez dute garagardorik. Agin ezazu gehiago bidaltzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.