Iñigo Aranbarri.

Galiar beltzak

2024ko ekainaren 9a
05:00
Entzun

«Frantziar bilaka ginenetik, gure arbasoak galiarrak dira», aldarrikatu zuen kanpaina betean Nicolas Sarkozyk. Ongi zekien zertan ari zen. Esaldiak bidea egina zuen III Errepublika garaian Ernest Lavissek formulatu zuenetik. Hala ikasi dute eskolan ia mende oso batez «frantziar» guztiek, izan paristar, euskaldun, kamerundar, antillar edo Polinesiako. Gure arbasoak blondak ziren eta begi argiak.

Historia liburuak eskoletan banatzea baino zinez zailagoa da, ordea, sistema koloniala kudeatzea. Macroni ari zaio gertatzen Kaledonia Berrian. Maiatzean, milaka manifestari atera da errolda erreformaren kontra; liskarrak izan dira, txikizio gaitzak eta hildakoak. Frantzian zaude baina 17.000 kilometrora zaude. Ironia laño batez azaltzen du Mickael Forrest bertako gobernuko presidenteordeak: «Frantziak eliteko poliziak bidali ditu, jendarmeak eta militarrak. Militarrak, etsaiarekin gerra egiteko erabiltzen dituzu; eta, nik dakidala, gu oraindik ere frantsesak gara».

Kaledonia Berriko errolda aldatzea da Macronen asmoa. Ez da aztia izan behar ikusteko, 1998tik bertan bizi diren europar jatorriko biztanleak sartuta, balizko independentzia erreferendum batean zer ondorio izango lituzkeen erabakiak. Mendebaldeko Saharan, espainiarrak joan zirenetik ari da Maroko populazio-kolonialismoa erabiltzen. Egun, hiru laurdenak dira.    

Muga guztiak zabalik dituen pasaportedunaren gogoan sartu naiz. Nola ez du bozkatzeko aukerarik izango 26 urtez Kaledonia Berrian bizi den galiar batek? Nahinon bizitzeko askatasuna aipatuko dizu. Galdeiozu zergatik ez duen paristar batek eskolan ia mende batez ikasi «gure arbasoak beltzak ziren eta begi ilunak». Hor du erantzunaren txongoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.