Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Gaizkijoa

2017ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Svetlana Aleksievitxek kontatzen du «Gerrak ez du emakume aurpegirik» lazkorrean. Harrapatu dute sobietarrek ofizial alemaniar bat, eta jo eta ma gizona jakin duenean egunean hamar soldadu hil izan dizkion frankotiratzailea gizonezkoa ez dela: «Orain arte ez zait tokatu emakumeen aurka borrokatzea. Hain zarete politak denak... Gure propagandak, ordea, esaten digu Armada Gorrian borrokatzen direnak ez direla emakumeak, hermafroditak baizik...». Ofiziala Moskura bidean jarrita, Maria Ivanovna Morozova soldadu ohiari itzultzen dio hitza Aleksievitxek: «Azken finean, ez zuen ezertxo ere ulertu».

Nola ez dakidala etorri zait pasartea Anna Gabriel CUPeko diputatua han eta hemen agertzen ikusi eta batera. Ez da egongo inor azkenaldian berak besteko irain-zaparrada jasotakorik. Anna Gabriel emakume garraztua da, puta amorratua, galtzarbe zikina. Itsusia, bera bezalakoa; garai batean Gasteizko legebiltzarreko nekane haiek bezain motza, zatarra eta ezaina. Motozerraz egindako orrazkera euskonazitik hasita.

Ostera eta ostera propagandak darabilen leloa da. Eta publikoki egiten da, hedabideetatik-eta sinatuta, pentsaera aski hedatu batek horretarako inpunitatea eskaintzen duela sinestuta. Propina eta guzti, gizarte baten erradiografia: zer zara gaizkijo bat baino Anna, txorta makurreko emea. Nirea probatu ez duzulako zara horren nazkagarria.

Ez da diskurtso politikoaren gaineko eztabaidarik. Pertsonari kaka egitea da kontua, identitatea xehatzea. Emakumetasuna ukatzea, azken beltzean; gerra garaian burualdea zurituko zioten. Preso alemanak zioena: emakumeak ez, hermafroditak. Eta niri Aleksievitxen pasadizoa gogora. Batzuek arkerian dabiltzala, susmoa dut egunero ari dela Anna Gabriel araldea eraisten lerroz bestalde, lehen ondoan ez zituenak bereganatzen.Hitzez, horixe ez baitiote bortxatu oraino.

Eta horra Morozovaren eleak oihartzunka: ez dute ezertxo ere ulertu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.