Iñigo Aranbarri.
Larrepetit

Gabonetako ipuina balitz

2013ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Eguberrietako doinu hipnotikoen artean ematen zaizkigu datuak, jan-edanak lotaratuak gauzkala irentsi ditzagun. Ia mila errefuxiatu bortxatu dituzte aurten Kongoko Errepublikako militarrek. Belgikako Mugarik Gabeko Medikuek salatu dute, Angolatik deportaturiko emakumeak dira biktimak.

Edonola ere, azken urteetan Kongotik datozen zifrak hordigarriak dira, ezin irentsizkoak. American Journal of Public Health-ek orain hiru urte emaniko datuen arabera 400.000 emakume bortxatzen dira urtean. Erraza da zatiketa: 1.095 egunean. Nazio Batuen Erakundeak haurren kontrakoak jakinarazi ditu berriki. Cady Adzuba kazetariak, berriz, Kivu eskualdean dabiltzan gerrillari ruandarrak salatu ditu, «emakumeen genozidioa ari da gertatzen», eta Christine Epoluke abokatuak mundua asaldatzeko asmoz bataiatu du bere herria: Kongo da Bortxaketaren Munduko Hiriburu.

Okaztagarria da guztia. Baldinbaitere. Baina nekez uler daiteke erokeria hau 1998tik 2003 artean herrialdea suntsitu zuen gerrarik gabe, besteak beste koltanaren kontrolak piztu zuena, gure telefonoek ezinbesteko behar duten lehengaia.

Emakumeen kontrako ankerkeria ez dago gerran, ordea. Armadan eta gerrillan ez ezik auzoan dago, eta familia barruan. Bortxatzaileak ez du plazerra nahi, azpiratua mendean hartzea baizik. Botearen mintzoa da, nonahi dagoelarik ere. Dynamique des femmes juristes elkarteak arazoaren itzalak marraztu ditu: «Ez dago justiziaren aurrean erantzun beharra dagoen kulturarik, erasoa krimen bat den kontzientziarik. Banalizazioa erabatekoa da, baita epaileen artean ere».

Mireille Ntambukaren hitzok erdi lausotan nituen Kristina Geteren, Maite Pedrosaren eta Amaia Urizarren aitorpenak ekarri dizkidate, pistola bana baginan atxiloaldian. Eta bortxatzailearen logika, hain antzekoa.

Tamalez uniformetik harago ere bizi dena, Kongotik urrun, oso urrun izanik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.